Gaztela eta Leoneko suteak larritasun-maila gorenekoak dira, bilakaera positiboa izan arren
Baso-sute kezkagarrienen artean, bost Leonen dira. Asturiasen, aldiz, egonkortu dituzte hiru sute handienak.
Gaztela eta Leonek larritasun handieneko sei baso-suterekin ekingo dio asteari, nahiz eta zenbait frontek hobera egin duten. Tenperaturen igoerak, hezetasunaren jaitsierak eta haizeak baso-suteak itzaltzeko lanak zailtzen dituzte, eta dagoeneko kaltetutako eremuetan berriro piztea eragin dute. Aldiz, Asturiasen egoera bestelakoa da. Bertan, egonkortu dituzte jada hiru suterik arriskutsuenak.
Leongo probintziako egoera da latzena, bost sute baitaude aktibo: Fasgar, La Baña, Igueña, Garaño eta Molinaseca. Azken bi horiek igandean deklaratu ziren, eta oso bortitzak izan dira. Horien eraginez, hamabi herritako 700 bizilagun baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte, prebentzio moduan.
Zamoran, Portoko suteak maila gorenean jarraitzen du. Hala ere, bilakaera ona duela dirudi, Sanabriako lakuaren Natura Parkean sartu eta La Bañara (Leon) zabaldu arren. Inguru horietan, oraindik ere, biztanleentzako arriskua sor dezakete. Palentzia, Leon eta Almansako beste baso-sute batzuen arriskua murriztu eta larritasun maila jaitsi da, baina zaintzapean jarraitzen dute.
Gaztela eta Leoneko Batzordeak dispositibo zabala jarri du martxan erkidego osoan, eta hurrengo egunetako eguraldiak egoera larriagotu dezakeela ohartarazi du.
Asturias, egonkortuta
Asturiasko hego-mendebaldean izan diren suteek joera positiboa erakusten dute: Degañako sua egonkortu egin da, Genestosokoa guztiz kontrolatuta dago eta Somiedoko sutea gaur kontrolatzea espero da, tokiko suhiltzaileen, boluntario nazioartekoen eta aireko baliabideen laguntzari esker.
Abuztuaren 13tik, 5.500 hektarea baino gehiago kiskali ditu suak. Horrenbestez, Asturiasko Gobernuak 800.000 euroko dirulaguntzak emango dizkie bertako abeltzainei, eta berreskurapen proiektuak egiteko suteek kaltetu dituzten ingurune naturaletako balio handiko eremuetan.