Lau urteko ume bat ospitalera eman dute, Bilboko Pagasarribide eskolan bero-kolpe izan ondoren
Ikastetxeko Guraso Elkarteak salatu du azpiegiturak zaharkituta daudela eta ez daudela prestatuta bero sapa hauei aurre egiteko. Esan dutenez, arazoa orokorra da Bilboko sare publikoko eskoletan.
Bilboko Pagasarribide ikastetxea. Argazkia: EITB
Bilboko Pagasarribide eskola publikoko lau urteko ikasle bat ospitalera eraman dute goizean, bero kolpe bat izan ondoren. Anbulantzian eraman dute osasun zentrora, eta han artatu ondoren, bere onera etorri da umea eta etxera bidali dute.
Ikastetxeko Guraso Elkarteak salatu duenez, azken egunotako beroaldiak eragindako hirugarren gertakaria da honakoa. Joan den ostiralean, beste ume bat eraman zuten Basurtuko Ospitalera, beroagatik ondoeza izan ondoren, eta atzo, berriz, hiru urteko ume bat zorabiatu egin zen.
Garazi Andres Guraso Elkarteko kidearen arabera, egoera "jasanezina" da. Haren hitzetan, azpiegiturak oso zaharkituta daude, eta ez daude beroari aurre egiteko egokituta. "Azpiegiturak oso zaharkituta daude. Pertsianak apurtuta daude leku askotan, eta kartulinak ipintzen dituzte babesteko. Leihoak ezin dira zabaldu. Eusko Jaurlaritzak dirua inbertitzea eskatzen dugu", esan du.
Gainera, azaldu du arazoa orokorra dela sare publikoko Bilboko eskoletan.
Ordutegi jarraitua
Atzo Santutxuko Luis Briñas ikastetxean erabaki zuten bezala, Hezkuntza Saileko arduradunekin egoera aztertu ondoren, Pagasarribide eskolan ordutegi jarraitua ezarriko dute bihartik ostiralera: 08:00etatik 15:00etarako ordutegia izango dute. Jantoki zerbitzua mantendu egingo da.
"Badakigu erabakia oso epe motzean hartu dela eta horrek zailtasunak sor ditzakeela familia batzuetan. Halere, egoera arduraz aztertu ondoren, ezin dugu normaltasunez jardun 32 graduko tenperaturekin geletan, eta ikasleen zein langileen osasuna lehenetsi behar dugu", dio Pagasarribideko zuzendaritzak familiei gaur arratsaldean igorri dien oharrak.
Alerta laranja
ALERTA METEOROLOGIKOAK
Beroagatik alerta laranja ezarriko dute asteazkenean eta ostegunean
Eusko Jaurlaritzak baso sute arriskuagatik ere abisu horia ezarriko du, tenperatura altuei hegoaldeko haizea gehitu beharko zaielako.
Zure interesekoa izan daiteke