Espainia BPGaren % 2 gastu militarrera bideratzen ari da jada, NATOren arabera
Espainiako Estatuak adostutako gastu-helburua betetzen du, lehenengoz. NATOk adierazi du herrialde kide guztiek betetzen dutela 2014ko Galesko goi-bileran adostutako gastu-helburua.
Espainia barne-produktu gordinaren % 2 gastu militarrera bideratzen ari da, NATOk argitaratutako txosten baten arabera. Hortaz, Espainiak eutsi egin dioarlo horretara BPGaren proportzio txikiena bideratzeari. Espainia lehenengoz ari da betetzen erakundeko kideek 2014an hurrengo hamarkadarako adostutako gastu-helburua.
Espainiako Estatuak % 43,11 handitu du defentsarako gastua; izan ere, 2024an 22.693 milioi euro izatetik, aurten 33.123 milioi euro izatera igaro da.
NATOk adierazi du aurtengo ekainaren 3ra arte bildutako zifrak direla, eta uste du herrialde kide guztiek betetzen dutela 2014ko Galesko goi-bileran adostutako % 2ko gastu-helburua (2024ra arte).
Espainiarekin batera, % 2 bideratzen ari dira Belgika, Txekia Errepublika, Luxenburgo eta Portugal, eta hamar bat herrialdek BPGaren % 2 eta % 2,1 bitarteko gastua dute defentsan.
Donald Trump AEBko presidentearen presioaren eta Errusia eta Ukrainaren arteko gerraren kari, NATOko herrialdeek erabaki zuten aurtengo ekainean gastu militarra nabarmen handitzea, hemendik 2035era bitartean, BPGaren % 5era arte.
Zehazki, % 5eko zifra hori honako bi gastu-mota hauen batura da: gastu handiena (% 3,5) gastu militar zorrotzari dagokio, hala nola armak erostea, Indar Armatuen soldatak eta pentsioak ordaintzea, misioak eta maniobrak eta ikerketara bideratutakoa. Gainera, herrialdeek BPGaren % 1,5 gehiago gastatu beharko dute segurtasunean, zentzu zabalean.