Israelen "basakeriei" Europak "erantzun bateratu bat" ematea eskatu du lehendakariak
Lan-urte politikoa hasi berritan, asmoen eta helburuen errepasoa egin du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratian: autogobernua, egoera ekonomikoa, migrazioa zein nazioarteko egoera aztertu ditu, luze-zabal.
Arloz arlo, Eusko Jaurlaritzak datorren lan-urte politikoan eskuartean dituen asmoak xehetu ditu Imanol Pradales lehendakariak, goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan: Palestinako egoera, etzi alderdiekin abiatuko duen erronda, autogobernua, estatus berria, Espainiako Gobernua, migrazioa, pentsiodunak eta egoera ekonomikoa izan ditu hizpide, Iñaki Guridi kazetariak egindako galderak abiapuntu.
Palestina
Aktualitateak hala eskatuta, Vuelta txirrindularitza-proba dela eta, gaur Bizkaian Israelen kontra deitutako protesten gaineko iritzia emanez hasi du berriketaldia. Palestinan gertatzen ari den “basakeriaren” aurrean “protesta egitea ulergarria” dela deritzo, baina “segurtasunaren ikuspuntutik” parte-hartzaileen lana “errespetatu” egin behar dela uste du. Nolanahi ere, ez du uste halako ekimenek “onura handirik” ekarriko dutenik, “gertatzen ari denari buruzko eragina nazioarte mailan” planteatzearen aldekoa baita.
Europa mailan “ahots bakarra eta propioa” falta dela esan du, “batasunetik” erantzun beharko litzaiokeela, alegia. Zentzu horretan, Israelekin merkataritza-harremanak eteteari buruz galdetuta, honakoa erantzun du: “Europak hartutako erabakia bada, ondo deritzot, baina batasunetik egin behar da. Bestela, hankamotz geratuko da”.
Eta horrekin lotuta, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaz aritu da —Eusko Jaurlaritzak % 3ko parte-hartzea du enpresa horretan—. Azpimarratu du 2019an izenpetu zuela CAFek kontratua Israelgo Gobernuarekin, “orduko nazioarteko araudi guztiak errespetatuz”, eta hori argituta, “egungo testuinguruak gogoeta etikoa” eskatzen duela ere aitortu du. Aditzera eman du Beasaingo enpresa “gogoeta” egiten ari dela, eta azaldu du Jaurlaritzak enpresak hartutako erabakia errespetatuko duela. “Kontu delikatua eta konplexua da. Ez da zuria edo beltza”.
Alderdiekin, bilera-erronda
Etzi alderdiekin abiatuko duen bilera-sortari buruz, berriz, argi adierazi du Jaurlaritzak hainbat erronkaren aurrean duen “jarrera elkarrekin partekatzeko” deitu dituela alderdiak, eta esan du "zenbait gaitan sakontzeko" aukera egonez gero, heldu egingo diotela, eta horretarako biderik egon ezean, "nork bere jarrerak definitzeko balioko du, gutxienez”.
Gogora ekarri du hil honetan Eusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko bilkura. “Han dugu aukera eztabaida politikoa patxadaz egiteko”.
Autogobernua eta estatus berria
Iraila hilabete erabakigarria izango da autogobernua dela eta Espainiako Gobernuak zein jarrera duen ikusteko. Hala iritzi dio lehendakariak. Esan du Jaurlaritzak “etxeko lanak eginda” dituela, eta, orain, ikusi beharko dela Madrilen borondatea zenbaterainokoa den.
Legealdi hasieran hitzartutakoa betetzea espero du Pradalesek, eta ez du “beste agertokirik kontenplatzen”. “Espero dudan bakarra da keinu politiko garrantzitsua irailean, eta hori hala izan dadin presioa egingo dugu, eskura ditugun tresna guztien bidez”, erantsi du.
Jakinarazi duenez, hurrengo asteotan Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak hainbat hitzordu ditu Espainiako Gobernuko ministerioekin.
Estatus berriaren inguruko negoziazioaren harira, esan du “berri ona” dela elkarrizketak berriro martxan jartzea. Akordioa lortzeko aukera ikusten du. “Ikusiko da urte amaierarako itxiko den. Garrantzitsua da prozesua ondo egitea eta edukietan ondo asmatzea, Gernikako Estatutuaren garapenean gertatutakoa etorkizunean errepika ez dadin”.
Migrazioa
Migrazioarena da Jaurlaritzak parez pare duen beste erronketako bat. Espainiako Gobernuarekin zein erkidegoetakoekin “lankidetza” bideak jorratzearen alde agertu da. “Guretzat, inportantea da integrazioaren eta inklusioaren bidea lantzea, migrazioari buruz ari garenean”.
Gaiaren gaineko “eztabaida politikoa patxadaz” egitea eskatu du, “arrazakeria eta xenofobia elikatzen” duten mezuak alde batera utzita.
Euskara
“Tentazioak egon arren, gaia ez politizatzea”. Hori eskatu du euskarari buruz aritu denean. Hizkuntzaren normalizazioa “lautada batera” iritsi dela aitortuta, urratsak emateko beharra ikusten du, “adostasunak” bilatuta.
“Momentua da politizazioa ekiditeko, bide bati jarraitzeko, non nork bere posizioak izango dituen. Eragile asko daude euskalgintzan, eta ziur nago hainbat puntutan aukerak daudela adostasunak eta orekak lortzeko. Hori da jauziaren helburuetako bat (…). Diagnosian, gutxi gorabehera, bat egiten dugu, eta bide berriak erabaki behar dira: zer lehenetsi behar dugun, zer dagokien erakundeei, zer hezkuntzari, zer lan-munduari… Horrek eskatzen du zarata politikoa alde batera uztea”.
Egoera ekonomikoa
Abuztuan langabeziak gora egin duela eta, aitortu egin du datuak “txarrak baino txarragoak” direla, baina nabarmendu du “joerak ikusi behar” direla. Hilabete horretako “ohiko” joeraz harago, esan du oraingoz ez dagoela “adierazlerik ziklo-aldaketa” datorrela pentsatzeko. “Beraz, ziurgabetasuna, bai, baina ez dugu ikusten adierazlerik ziklo-aldaketa batean gaudela esateko”.
Nolanahi ere, onartu du “hodei beltzak zeruan” daudela mundu mailan: besteak beste, Alemaniaren egoera ekonomikoa eta AEBk ezarritako muga-zergak aipatu ditu. Esan duenez, “oraingoz, diru-bilketan ez dago zantzurik, baina egoera ondo aztertu behar da, edozein momentutan zeozer gerta daitekeelako”.
Pentsiodunak
Gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin berdintzea eskatzen duen herri-ekimena atzera bota izanaz ere hitz egin du lehendakariak, eta atzo Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak esandakoak berretsi ditu, hitzez hitz: azaldu du dagokion azterketa teknikoa eta juridikoa egin ondoren hartu dutela erabakia, eta arrazoitu du, batetik, proposatzen den pentsio gehigarria ahalbidetzeko eskumenik ez dutela.
Bestetik, argudiatu du Euskadik “babes eredu propioa” duela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez.
“Horiek dira planteatzen diren arazo juridiko eta teknikoak. Hortik aurrera, Legebiltzarrak soberania du gaia eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko. Guk men egingo diogu Legebiltzarrak dioenari”.
Ikusi berriro Imanol Pradales lehendakariari Euskadi Irratian egindako elkarrizketa
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek "gerrari ez" leloa berretsi du, eta nazioarteko legediaren kontrako ekintzarik ez duela babestuko gaineratu du
Espainiako Gobernuko presidenteak "gerrari ez" leloa berretsi du Espainiaren eta Portugalen arteko goi-bileran. Sanchezek azpimarratu du "errespetua" duela AEBrekiko eta horren gizartearekiko, baina Espainiako Gobernuaren jarrera argia dela azpimarratu du.
Aitor Esteban: "PPrekin beti izan dira elkarrizketak, ez dira inoiz eten"
EBBko presidentearen ustez, "PPrekin elkarrizketarik ez zegoela esateko nolabaiteko irrika zegoen". "EAJ zentralitatean dago, eta gure ardura da kanalak irekita izatea", gaineratu du Estebanek ETB2ko "En Jake" saioan.
Puente ministroaren ustez, ez da arazorik egongo 'Euskal Y-a' 3-4 urtetan amaitzeko
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak adierazi du Euskal Yaren lanak "azken txanpan" sartu direla eta ez dagoela "hiruzpalau urtetan" amaitzeko oztoporik. AHTarekin "iltzatuta duen arantza" Frantzia dela esan du, baina Philippe Tabarot Frantziako egungo ministroa Europako Korridore Atlantikoa osatzeko azpiegitura Frantzian jarraitzearen aldekoa dela uste du.
Pradalesek "feminismoaren erabilera alderdikoia saihesteko" eskatu dio EH Bilduri, eta "guztion artean berdintasunean aliantzak ehuntzeko"
Imanol Pradales lehendakariak feminismoaren "erabilera alderdikoia eta nagusitasun morala" saihesteko eskatu dio EH Bilduri, eta "feminismoaren bandera hartzea" egotzi dio. Era berean, dei egin dio "denon artean" berdintasunean "aliantzak" ehuntzeko.
Itziar Carrocera (EAJ) izendatu dute Santurtziko alkate, PSE-EEren bost boto zuriekin
Alkatetza "ilusioz" hartu du jeltzaleak, eta zailtasunez jakitun: "Dena emango dut herriaren alde lanean".
Lehendakariak urgentziaz deitu du Industria Defendatzeko Taldea, Irango gerragatik
Bilera datorren asteko asteazkenean izango da, lehendakariak aurreratu duenez, eta honako helburu hauek ditu: "etengabeko monitorizazio-mekanismoak aktibatzea, enpresa eta kluster guztiekiko koordinazioa indartzea eta kontingentzia neurrien pakete bat prestatzea, Ekialde Ertaineko gatazka hilabeteetan luzatuko balitz prest egoteko".
Espainiako Gobernuak guztiz gezurtatu du AEBko Armadarekin lankidetza adostu izana
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak arratsaldean adierazi duenez, Espainiako Gobernua prest dago AEBko Armadarekin lan egiteko.
Lehendakariak esan du Belgika Euskadirentzat hainbat alorretan "aliatu bat" dela
Bart De Wever Belgikako lehen ministroarekin bildu da gaur Imanol Pradales lehendakaria Bruselan, eta hainbat alorretan bi herrialdeen arteko lankidetza aukerak ikusten ditu. Besteak beste, industria, euskararen ofizialtasuna eta Makroeskualde Atlantikoa aipatu ditu.
Abalosen eta Koldoren aurkako musukoen auziko epaiketa apirilaren 7an hasiko da, Auzitegi Gorenean
Funtzionario-eroskeria, eragimen-trafikoa, baliabideak bidegabe eralgitzea, erakunde kriminala, lehen eskuko informazioaz baliatzea, faltsukeria eta prebarikazio delituengatik epaituko dituzte.
Estatuak 1976ko Gasteizko sarraskian izan zuen papera aitortzea baztertu du Senatuak, eztabaida gogor batean
Tentsioa areagotu egin da Josu Estarrona EH Bilduren senatariak, PPren aulkiari begira eta ukabila gora zuela, hau esan duenean: "Hil ezin izan zenituzten langileen bilobak gara!". Javier Arenasek (PP) Estarronaren esaldia kentzeko eskatu dio presidenteari, eta Javier Maroto Senatuaren presidenteordeak onartu egin du eskaera.