Israelen "basakeriei" Europak "erantzun bateratu bat" ematea eskatu du lehendakariak
Lan-urte politikoa hasi berritan, asmoen eta helburuen errepasoa egin du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratian: autogobernua, egoera ekonomikoa, migrazioa zein nazioarteko egoera aztertu ditu, luze-zabal.
Arloz arlo, Eusko Jaurlaritzak datorren lan-urte politikoan eskuartean dituen asmoak xehetu ditu Imanol Pradales lehendakariak, goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan: Palestinako egoera, etzi alderdiekin abiatuko duen erronda, autogobernua, estatus berria, Espainiako Gobernua, migrazioa, pentsiodunak eta egoera ekonomikoa izan ditu hizpide, Iñaki Guridi kazetariak egindako galderak abiapuntu.
Palestina
Aktualitateak hala eskatuta, Vuelta txirrindularitza-proba dela eta, gaur Bizkaian Israelen kontra deitutako protesten gaineko iritzia emanez hasi du berriketaldia. Palestinan gertatzen ari den “basakeriaren” aurrean “protesta egitea ulergarria” dela deritzo, baina “segurtasunaren ikuspuntutik” parte-hartzaileen lana “errespetatu” egin behar dela uste du. Nolanahi ere, ez du uste halako ekimenek “onura handirik” ekarriko dutenik, “gertatzen ari denari buruzko eragina nazioarte mailan” planteatzearen aldekoa baita.
Europa mailan “ahots bakarra eta propioa” falta dela esan du, “batasunetik” erantzun beharko litzaiokeela, alegia. Zentzu horretan, Israelekin merkataritza-harremanak eteteari buruz galdetuta, honakoa erantzun du: “Europak hartutako erabakia bada, ondo deritzot, baina batasunetik egin behar da. Bestela, hankamotz geratuko da”.
Eta horrekin lotuta, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaz aritu da —Eusko Jaurlaritzak % 3ko parte-hartzea du enpresa horretan—. Azpimarratu du 2019an izenpetu zuela CAFek kontratua Israelgo Gobernuarekin, “orduko nazioarteko araudi guztiak errespetatuz”, eta hori argituta, “egungo testuinguruak gogoeta etikoa” eskatzen duela ere aitortu du. Aditzera eman du Beasaingo enpresa “gogoeta” egiten ari dela, eta azaldu du Jaurlaritzak enpresak hartutako erabakia errespetatuko duela. “Kontu delikatua eta konplexua da. Ez da zuria edo beltza”.
Alderdiekin, bilera-erronda
Etzi alderdiekin abiatuko duen bilera-sortari buruz, berriz, argi adierazi du Jaurlaritzak hainbat erronkaren aurrean duen “jarrera elkarrekin partekatzeko” deitu dituela alderdiak, eta esan du "zenbait gaitan sakontzeko" aukera egonez gero, heldu egingo diotela, eta horretarako biderik egon ezean, "nork bere jarrerak definitzeko balioko du, gutxienez”.
Gogora ekarri du hil honetan Eusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko bilkura. “Han dugu aukera eztabaida politikoa patxadaz egiteko”.
Autogobernua eta estatus berria
Iraila hilabete erabakigarria izango da autogobernua dela eta Espainiako Gobernuak zein jarrera duen ikusteko. Hala iritzi dio lehendakariak. Esan du Jaurlaritzak “etxeko lanak eginda” dituela, eta, orain, ikusi beharko dela Madrilen borondatea zenbaterainokoa den.
Legealdi hasieran hitzartutakoa betetzea espero du Pradalesek, eta ez du “beste agertokirik kontenplatzen”. “Espero dudan bakarra da keinu politiko garrantzitsua irailean, eta hori hala izan dadin presioa egingo dugu, eskura ditugun tresna guztien bidez”, erantsi du.
Jakinarazi duenez, hurrengo asteotan Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak hainbat hitzordu ditu Espainiako Gobernuko ministerioekin.
Estatus berriaren inguruko negoziazioaren harira, esan du “berri ona” dela elkarrizketak berriro martxan jartzea. Akordioa lortzeko aukera ikusten du. “Ikusiko da urte amaierarako itxiko den. Garrantzitsua da prozesua ondo egitea eta edukietan ondo asmatzea, Gernikako Estatutuaren garapenean gertatutakoa etorkizunean errepika ez dadin”.
Migrazioa
Migrazioarena da Jaurlaritzak parez pare duen beste erronketako bat. Espainiako Gobernuarekin zein erkidegoetakoekin “lankidetza” bideak jorratzearen alde agertu da. “Guretzat, inportantea da integrazioaren eta inklusioaren bidea lantzea, migrazioari buruz ari garenean”.
Gaiaren gaineko “eztabaida politikoa patxadaz” egitea eskatu du, “arrazakeria eta xenofobia elikatzen” duten mezuak alde batera utzita.
Euskara
“Tentazioak egon arren, gaia ez politizatzea”. Hori eskatu du euskarari buruz aritu denean. Hizkuntzaren normalizazioa “lautada batera” iritsi dela aitortuta, urratsak emateko beharra ikusten du, “adostasunak” bilatuta.
“Momentua da politizazioa ekiditeko, bide bati jarraitzeko, non nork bere posizioak izango dituen. Eragile asko daude euskalgintzan, eta ziur nago hainbat puntutan aukerak daudela adostasunak eta orekak lortzeko. Hori da jauziaren helburuetako bat (…). Diagnosian, gutxi gorabehera, bat egiten dugu, eta bide berriak erabaki behar dira: zer lehenetsi behar dugun, zer dagokien erakundeei, zer hezkuntzari, zer lan-munduari… Horrek eskatzen du zarata politikoa alde batera uztea”.
Egoera ekonomikoa
Abuztuan langabeziak gora egin duela eta, aitortu egin du datuak “txarrak baino txarragoak” direla, baina nabarmendu du “joerak ikusi behar” direla. Hilabete horretako “ohiko” joeraz harago, esan du oraingoz ez dagoela “adierazlerik ziklo-aldaketa” datorrela pentsatzeko. “Beraz, ziurgabetasuna, bai, baina ez dugu ikusten adierazlerik ziklo-aldaketa batean gaudela esateko”.
Nolanahi ere, onartu du “hodei beltzak zeruan” daudela mundu mailan: besteak beste, Alemaniaren egoera ekonomikoa eta AEBk ezarritako muga-zergak aipatu ditu. Esan duenez, “oraingoz, diru-bilketan ez dago zantzurik, baina egoera ondo aztertu behar da, edozein momentutan zeozer gerta daitekeelako”.
Pentsiodunak
Gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin berdintzea eskatzen duen herri-ekimena atzera bota izanaz ere hitz egin du lehendakariak, eta atzo Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak esandakoak berretsi ditu, hitzez hitz: azaldu du dagokion azterketa teknikoa eta juridikoa egin ondoren hartu dutela erabakia, eta arrazoitu du, batetik, proposatzen den pentsio gehigarria ahalbidetzeko eskumenik ez dutela.
Bestetik, argudiatu du Euskadik “babes eredu propioa” duela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez.
“Horiek dira planteatzen diren arazo juridiko eta teknikoak. Hortik aurrera, Legebiltzarrak soberania du gaia eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko. Guk men egingo diogu Legebiltzarrak dioenari”.
Ikusi berriro Imanol Pradales lehendakariari Euskadi Irratian egindako elkarrizketa
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek ziurtatu du Ceutako krisian Marokoren esku-hartzea frogatuz gero, Espainiak "irmo" erantzungo duela
Berretsi du inteligentzia zerbitzuek ez zutela migratzaileen sarrera masiboaren abisurik eman inongo momentutan. Gainerako taldeek ez dute sinesten presidentearen tesia.
Ceutaren aldeko elkarretaratzean hainbat kazetarik jasandako erasoak gaitzetsi ditu Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramailearen hitzetan, "gure gizartearen adierazpen gorenetako bat informazio askatasuna da, atzo muturreko elementuek bortxatu zutena".
Lehendakariari elkarrizketa Euskadi Irratian
Iñaki Guridik lehendakaria elkarrizketatu du Euskadi Irratiko Faktorian. Jarraitu zuzenean hemen.
Albiste izango dira: Pedro Sanchezen agerraldia Kongresuan Ceutaren inguruan, Azpeitiko taxilariaren ustezko hiltzailea aurkitzeko dispositibo poliziala eta beroa bueltan Euskal Herrian
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Mobilizazio ugari egin dira Hego Euskal Herrian, Ceutari "elkartasuna" adierazteko zein "arrazakeria" salatzeko
Aurreikusi zitekeen bezala, PPk deitutako ekitaldiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aukako protesta bihurtu dira. Aurrez aurre izan dituzte Mugimendu Sozialistak eta ezkerreko beste talde batzuek deitutako mobilizazioak, eta horietan, diskurtso arrazistak eta xenofoboak salatu dituzte.
Erdi-askatasuna onartu dio berriro Eusko Jaurlaritzak Maria Soledad Iparragirreri, boluntariotza jarduerak egiteko
Justizia Sailak baimen hori eman zion aurten aurretik ere, baina Auzitegi Nazionalak ukatu egin zion.
Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako presidentegai izango da berriro
Nafarroa Garaiko EH Bilduren Mahai Politikoak Laura Aznal proposatu du berriro Foru Erkidegoko presidente izateko hautagai, "Nafarroak aurrera egitea ahalbidetu duen azken hamarkadako lan sendoari jarraipena emateko xedez".
Tentsioa Euskal Herrian, Ceutako egoeragatik gaurko deitutako elkarretaratzeen aurrean
Eusko Jaurlaritzak lekuz aldatu ditu, Ceutako migrazio krisia dela eta, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Getxon egitekoak diren lau elkarretaratze, "istiluak ekiditeko": horietako bat PPk Gasteizen deitutakoa da, eta gainerakoak, arrazismoaren eta faxismoaren aurkako hainbat talderenak.
Gernikako alkateak liburutegi berriaren alde egin du eta okupa gazteek gaztetxea mugitzeko alternatiba "erreala" eskatu dute
Jose Maria Gorroñoren ustez, "onartezina" da okupek "Gernika osorako proiektu publiko baten garapena eragotzi edo atzeratu ahal izatea". Okupa gazteek, berriz, ez dute Astrara joan nahi, uste dutelako gune hori jada “gainezka” dagoela.
Insausti Donostialdeko udalekin bilduko da ostegunean, etxegabeen egoera aztertzeko
Hain justu, Pasaia, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalak deitu ditu Donostiako alkateak arazoari elkarrekin erantzuteko, etxegabeen gaia ez delako "hiri bakar baten auzia".