Eusko Jaurlaritzak Gaza berreskuratzeko laguntza-plan bat onartu du
Osasun-arretaz gainera, planak tokiko GKEentzako laguntzak jasotzen ditu, 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin.
Gazarako laguntza humanitarioaren artxiboko irudia.
Zerrendan su-etena ezarri ondoren, Gaza Berreskuratzeko Jarduera Programa eta Laguntza Ekonomikoa onartu du Eusko Jaurlaritzak. Planak bi ardatz nagusi ditu: haur gazatarrentzako osasun-arreta EAEko ospitaleetan eta Gazan lan egiten duten erakunde humanitarioentzako laguntza ekonomikoa.
Erabakia Gobernu Kontseiluaren asteko bileran hartu dute, eta ondoren prentsaurrekoa eskaini dute Maria Ubarretxena bozeramaileak, Alberto Martinez Osasun sailburuak eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
21 haur artatu dituzte Osakidetzan
Martinezek azaldu duenez, Israelen erasoaldia hasi zenetik Espainiako Estatura iritsi diren 39 haur gazatarretatik, 21 artatu ditu Osakidetzak. Gainera, hilabetearen amaierarako beste bost hau iristea aurreikusten dute.
Gurutzetako eta Donostia ospitaleetan artatutako haurrek lesio traumatologikoak, erredurak, arazo neurologiko eta kardiologikoak edota gaixotasun onkologikoak dituzte. Gehienek kirurgia plastiko, traumatologiko, kardiologiko edo neurokirurgiko tratamenduak behar izan dituzte, eta kasu askok jarraipen luzea eskatzen dute.
Gaur egun, sei haurrek tratamendu aktiboa jarraitzen dute: hiruk onkologian, bik bihotzeko arazoengatik eta batek osasun mentaleko unitatean. Gainerakoek prozesu kronikoen jarraipena jasotzen dute.
Osakidetzak, gainera, haur horien senideei ere arreta eman die: “Batez beste, adingabe bakoitza bi laguntzailerekin iritsi da, eta guztiei arreta anbulatorioa eman zaie”, zehaztu du Martinezek. Ama bat, gainera, Donostia Ospitalean ingresatu behar izan dute.
Egoitza-baimenak luzatzeko eskaera
Haur eta senide horiek egonaldi-bisa mugatuarekin iritsi dira gurera. Hala, Melgosak adierazi du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari epea luzatzeko eskatuko diola, Ukrainako errefuxiatuekin erabilitako formula bera baliatuz. “Helburua da pertsona horiek sendatzeaz arduratu daitezen, ez paperengatik kezkatu”, nabarmendu du Melgosak.
1,2 milioi euroko laguntza ekonomikoa
Planak 600.000 euro bideratuko ditu UNICEFentzat, Gazako haurren nutrizioa eta klinika mugikorren gastuak finantzatzeko; eta 250.000 euro UNRWAri, haur eta gazteen garapenean oinarritutako proiektuetarako.
Bestalde, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa sailak “korridore akademiko” bat zabalduko du euskal unibertsitateekin eta LH ikastetxeekin elkarlanean, gazatar ikasleak hartzeko eta prestatzeko.
Proiektu horrek 350.000 euroko aurrekontua du eta 20 plaza eskainiko ditu hasiera batean. Ekimenak ostatua, tutoretza akademikoa, ikasketa-baliozkotze arina eta gaztelaniaren irakaskuntza aurreikusten ditu, beste neurri batzuen artean.
Gainera, 800.000 euroko funts berezia aurreikusi dute Gazan bertan lanean ari diren GKEentzako, premia bereziei erantzuteko.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera