Espainiako Gobernuak ez du berriz eskatuko euskara, katalana eta galiziera EBn hizkuntza ofizial izatea, 27 estatukideen babesa lortu arte
Ekimenak Europar Batasuneko estatukide guztien babesa behar du aurrera ateratzeko. Itxura guztien arabera, Alemaniaren jarrera da oztopo nagusia.
Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasunean hizkuntza ofizial izatea ametsa besterik ez da oraindik. Espainiako Gobernuak ez du, momentuz, berriz eskaera egingo harik eta gaia aurrera ateratzeko eta onartzeko 27 estatukideen adostasuna egon arte.
Hala iragarri du Fernando Sampedro Europako Batasuneko estatu idazkariak, astearte honetan Luxenburgon bildutako kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.
EBko Auzi Orokorretarako Kontseiluaren bilera izan da bart, eta, bigarrenez, auzia agendatik kanpo gelditu da.
Bi urte bete dira Espainiako Gobernuak lehen aldiz eskatu zuenetik Europar Batasunaren hizkuntza erregimenean euskara, katalana eta galiziera sartzea. Orain arteko saiakera guztietan, ordea, ezezkoa jaso du.
Antza denez, Alemaniaren jarrera da oztopo nagusia.
Sampedrok azaldu duenez, edozein momentutan gehitu daiteke gaia berriro ere agendan.
Edozein kasutan, Sampedrok baikor izaten jarraitzen du, eta ofizialtasunaren alde lanean jarraituko dutela ziurtatu du.