Ayusoren bikotekideak "publikoki hiltzea" egotzi dio Estatuko fiskal nagusiari
Miguel Angel Rodriguezek, Ayusoren kabineteburuak, azaldu "bere burua behartuta" ikusi zuela Fiskaltzarekin negoziatzen ari zirela filtratzera.
Alberto Gonzalez Amador, Ayusoren bikotekidea. Argazkia: EFE.
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen bikotekideak, Alberto Gonzalez Amadorrek, "publikoki hiltzea" egotzi dio Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiari. Hala adierazi du, bere abokatuak fiskalari egindako akordioari buruzko informazioa argitaratu ondoren, "Espainiako Erresumako gaizkile aitortua" bihurtu dela salatuz.
Auzitegi Gorenak fiskal nagusiaren aurka egiten ari den epaiketan lekuko gisa egin duen adierazpenean, enpresaburuak salatu du "Fiskaltzaren aldetik delitugile aitortua" izaten jarraitzen duela, eta horrek "herritar arrunt" izateari utzi diola.
“Ahozko epaiketa batera bidali naute, eta bertan zigortuko naute; ez dut zalantzarik”, adierazi du Gonzalez Amadorrek, Ogasunari ustez faktura faltsuen bidez 350.951 euroko iruzurra egiteagatik auzipetuta dagoenak. Iruzur hori 2022an Zerga Agentziak egindako ikuskapen baten ondorioz azaleratu zen.
Enpresariak susmoa agertu du ikuskapen hura Diaz Ayusorekin duen harremanaren ondorio izan ote zen, eta salatu du 2024ko martxoaren 14an Fiskaltzak igorritako prentsa-oharrarekin eta bere abokatuaren mezu elektroniko baten filtrazioarekin bere errugabetasun-presuntzioa hautsi zela.
Prentsa-ohar horrek gertatutakoa argitu nahi izan zuen, egun bat lehenago, martxoaren 13an, zabaldutako informazio kontraesankorren ostean. Iturri batzuen arabera, Fiskaltzak eskaini omen zion akordioa Gonzalez Amadorren abokatuari, baina egiaz, alderantziz izan zen, eta akordioa “goiko aginduengatik” bertan behera gelditu zen.
Miguel Angel Rodriguez, Ayusoren kabineteburua, izan da arratsaldean deklaratu duenetako bat. Epailearen aurrean esan duenez, "bere burua behartuta" ikusi zuen Gonzalez Amadorren defentsa eta Fiskaltza akordioa negoziatzen ari zirela filtratzera. Halaber, azaldu du, filtrazioaren ondoren, kazetarien artean zabaldu zuela "goikoen agindua" zegoela, akordio hori erretiratzeko. Azken hori, berak ateratako ondorioa izan omen zen, Gonzalez Amadorrek esan baitzion akordioa bere horretan mantentzen zela.
Galdeketan, Maria Angeles Sanchez Conde teniente fiskalak behin eta berriz galdetu dio zergatik zabaldu zuen "goikoen agindua" egon zelaren informazioa, inork akordioa erretiratzeko agindua eman izanaren baieztapenik ez bazuen ere. "Ondorio logikoa izan zen", erantzun du.
"Ayusok susmoaren harra elikatu zuen"
Goizeko saioan, Mar Hedo Fiskaltza Nagusiko komunikazio burua deklatu du. Bere hitzetan, Ayuso presidentea eta horren kabineteburua Fiskaltzaren gainean "susmoaren harra elikatzen" saiatu ziren, Alberto Gonzalez Amador Ayusoren bikotekidearen aurka "konfabulazio moduko bat" zegoela iradokita.
Hedok lekuko gisa deklaratu du astearte honetan Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurkako epaiketan. Lekukotzan nabarmendu duenez, 2024ko martxoaren 12ak inlfexio puntua ezarri zuen, eldiario.esek Fiskaltzak Gonzalez Amadorren aurka jarritako salaketaren berria argitaratu ondoren. Azaldu duenez, egun hartan "Madrilgo presidenteak hedabideei egindako adierazpen batzuetan, iradoki zuen haren bikotekideari kalte egiteko Estatuko botereen artean konfabulazioa" dagoela eta, ondoren, esan du Ayusok mezu bat argitaratu zuela Twitterren, Pilar Rodriguez Madrilgo fiskal probintziala "zuzenean seinalatzeko".
Hilaren 13an, Ayuso "bereari eutsiz, bikotekideari kalte egiteko Estatuko botereak ados jarri izanaz" aritu zela azaldu du, eta Madrilgo Erkidegoko presidenteak esan zuela "dena lokaztuta" dagoela; beraz, Fiskalaren gaineko "susmoaren harra elikatzen jarraitu zuen", Hedoren hitzetan eta "hedabideak izugarri nahasita" zeudela.
Kontatu duenez, arratsalde hartan kazetari baten deia jaso zuen, esanez Miguel Angel Rodriguez kabinetearen burua kazetariei mezu bat bidaltzen ari zitzaiela. Mezu horretan, goikoen aginduz geldiarazi omen zen Fiskaltzaren paktu-asmo baten berri ematen zuen. "Kazetariak goiko hori fiskal nagusia zela ulertu zuen" eta baieztapen bila zebilen, Hedoren hitzetan.
Informazio horrek "asko aztoratu" zuela esan du Hedok, kabinete burua bera baitzen susmo zabaltzen ari zena, "zeina iradokitzen ari baitzen Fiskaltzak tranpa jarri nahi izan ziola Gonzalez Amadorri, errugabe izatetik errudun izatera pasa zedin".
Une horretan, azaldu duenez, ulertu zuen egoera aldatu egin zela, eta, Fiskaltza osoari kalte egingo ziola ikusirik, Garcia Ortizi deitu zion, "iturria hain potoloa izanik, informazio hori publikatu" egingo zela ohartaraztzeko. Eta horrelaxe izan zen, 21:29an El Mundo egunkariak argitaratu zuen berria, eta mezuaren zati bat zekarren.
Hori dela eta, fiskal nagusiak Hedori esan zionez, Almudena Lastra Madilgo Erkidegoko fiskal nagusiarekin hitzartu zuen ohar bat atera behar zela, "egiazko informazioarekin", eta "Estatuko fiskal nagusiaren kezka" jasotzeko eta "argi utziz" Madrilgo fiskaltzaren jardunbidea "akasgabea" izan zela.
Hedoren arabera, "hedabideetan izugarria zen nahasmena", El Mundoren albistearen ostean beste bat argitaratu baitzen La Sextan, kontrakoa esanez.
Nabarmendu duenez, "gaiak Madrilgo Fiskaltzaren eremua gainditzen zuen eta Fiskaltza Nagusiaren gainean jartzen zuen fokua"; horregatik idatzi zuen Hedok berak prentsa-oharra, fiskal nagusiak eman zizkion xehetasunekin. Dena dela, hurrengo goizean Madrilgo Fiskaltzako komunikazio-buruari igorri ziola argitu du, han ari baitziren Gonzalez Amadorren inguruko ikerketa egiten.
Lekukoak azpimarratu du ikerketagai den filtrazioaren aurretik, El Mundok gauean emandako informazioan jada jaso zela abokatuaren eta fiskalaren arteko mezuen inguruko informazioa; eta martxoaren 12an, El Paiseko kazetari batek bazekiela paktua erdiesteko negozioazioak martxan zeudela.
"Bat-batean, mezuak merkatuan zeuden, kazetari-esapidea erabiltzerik badut", azaldu du Hedok, eta ziurtatu du berak ez zuela mezuak eskuragarri izan eta fiskal nagusiak eman zizkiola xehetasunak.
Zure interesekoa izan daiteke
Peinado epaileak Begoña Gomez epaitzea erabaki du, eta pasaportea kendu dio
Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak ustez egindako delituak ikertzen ari da epailea, eta ahozko epaiketa abiatu aurretik hartu ditu kautelazko neurriak. Halaber, Espainiatik ateratzea debekatu dio, eta hamabostean behin epaitegian agertu beharko du. Gomezen abokatuak helegitea jarriko du.
Londresera Euskadi "kritikatzera" eta etxebizitzaz hitz egitera joatea egotzi dio EAJk EH Bilduri, bere ekarpena "zero" izan arren
Iñigo Ansola EAJren BBBko presidenteak Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bildu koalizioko burua kritikatu du aste honetan Londresera joateagatik, EH Bilduk etxebizitzari buruz egindako proposamena aurkeztera, "Euskadi zalantzan jarri eta kritikatzeko". Horren harian, Euskadin etxebizitza publikoa eraikitzeko egin duen ekarpena "zero" dela esan du.
Anduezak esan du PSE-EEk gogoz, esku garbiz eta indarrez jarraitzen duela udal eta foru hauteskundeetarako
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du sozialistek herritarren kezkak konpontzeko lanean jarraitzen dutela. Datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira, gogoz, esku garbiz eta indarrez jarraitzen dutela esan du.
Hauteskunde orokorrak 2027an izango direla berretsi du Sanchezek, udal hauteskundeekin bat egin gabe
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi du hauteskunde orokorrak 2027an izango direla. Maiatzeko hauteskunde autonomikoekin eta udal hauteskundeekin batera ez direla egingo erantsi du, baina ez du zehaztu aurretik edo geroago izango diren.
Euskararen lurgunea gero eta zabalagoa da Nafarroan, baina estuturik dauka Euskararen Legeak berak
Euskararen Foru Legeak 40 urte betetzen ditu aurten, eta euskara lekua irabazten joan den arren, legeak bere horretan jarraitzen du, lurraldea hiru eremutan banatzen, bai eta nafarren hizkuntza eskubideak mugatzen ere. Euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea askoren aspaldiko eskakizuna da, baina tramite administratiboaz harago, borondate politiko argia eta negoziazio gaitasuna eskatzen ditu prozesuak.
Hauek dira Zapaterok Plus Ultra auziko epailearen aurrean egindako deklarazioaren pasarte nabarmenenak
Espainiako Gobernuko presidente ohiak ukatu egin zuen Plus Ultra aire konpainiaren erreskatean inolako esku hartzerik izan zuela eta bere bulegoan egindako miaketan aurkitutako bitxien inguruan erantzutea saihestu zuen.
Iraolak EAJren eta EH Bilduren "inkoherentzia" salatu du Eibarko sokamuturraren auzian
Eibarko sanjuanetan sokamuturra berreskuratzea herritarren eskaria izan dela esan du Jon Iraola Eibarko alkateak (PSE-EE). Gaiak eragin duen polemika dela eta, EAJren eta EH Bilduren "inkoherentzia" salatu du, eurek gobernatzen duten udaletan beste jarrera bat omen dutelako. Hauteskunde interesen arabera jokatzea egotzi die biei.
Euskararen alorrean harago joateko eskatu dio Barkosek Chiviteri eta zonifikazioa kentzeko
Nafarroako presidente ohiaren ustez, euskara berezko hizkuntza gisa aitortzeak "ez luke ezer aldatuko", eta hizkuntza lurralde osoan ofizial egitea aldarrikatu du.
Getxoko Irurak Bat jauregia eraistearen inguruko ikerketarekin jarraitzea zalantzan jarri du epaileak
Epaitegiak bertan behera utzi ditu hainbat eginbide, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak duela gutxi emandako epai bati buruzko iritzia eskatu die aldeei, ikertutako gertakarien balorazio penalean eragina izan dezakeelakoan.
Peinado epaileak pieza berri bat ireki du Begoña Gomez auzian, eta beste bi delitu egotzi dizkio Sanchezen emazteari
Sumarioaren zati nagusiari buruzko atariko entzunaldia astelehenean egin zuen magistratuak, eta pieza berri bat zabaltzea erabaki du orain, prebarikazioa eta EBri iruzur egitea egotzita.