EHUko errektorearen eta Unibertsitate sailburuaren arteko bilera pribatua izango da
Hitzordua, egin, egingo da: ez da data zehatza zehaztu, baina azaroaren 19a baino lehen izango da, orduan agertuko baita errektorea Eusko Legebiltzarrean.
Perez Iglesias, Bengoetxearen ondoan. Argazkia: EFE
Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitateetako sailburuak Radio Euskadin iragarri zuen Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreari deituko ziola 2026ko unibertsitate-aurrekontuari buruzko desadostasun publikoa ixteko bilera bat adosteko. Saileko iturriek baieztatu dutenez, hitzordua adostu dute dagoeneko, baina ez dute zer egunetan egingo den jakinarazi. Zehaztu dutenez, errektoreak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du azaroaren 19an, eta hori baino lehenago egingo dute. Lan-bilera pribatua izango da.
Perez Iglesiasek berriz adierazi du datorren urteko kontuek "finantzaketa nahikoa" bermatzen diotela euskal unibertsitate publikoari, eta defendatu du ez dagoela "gehiagorako tarterik". Halere, azpimarratu du aurreikusi dutela EHUri "inoiz baino diru gehiago" ematea. "Datuak kontakizuna hiltzen du", berretsi du.
Errektoreak lehendakariarekin bilera zuzena eskatu zuenetik areagotu da tentsiaoa. Perez Iglesiasek ez zuen erabaki horrekin bat egin, eta erakundeen arteko harremana tenkatu zen.
Biek batera ekitaldi publiko bat egin zuten atzo Bilbon, eta hasierako tentsioak giro adeitsuago bati bide eman zion. Elkarri eskerrak eman zizkioten eta elkarri bostekoa eman zioten. Keinu horrek etapa lasaiago baten hasiera ekartzea espero dute biek.