Amnistiari buruzko azken hitza “aberria salbatu” nahi duten epaileek dutela ohartarazi du Puigdemontek
EBko abokatu nagusiak amnistia legearen gainean emandako iritzia dela eta balorazio ezberdinak egin dituzte aldeek. EBko abokatu nagusiak amnistia legeari babesa eman diola iritzi diote Junts, ERC eta Espainiako Gobernuak. PPren ustez, berriz, amnistia legeak zuzenbide estatuaren printzipioak "urratu" dituela ondorioztatu du Europar Batasuneko abokatu nagusiak.
Carles Puigdemont (Junts), artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko abokatu nagusiak amnistia legeari buruz duen iritzia jakinarazi berritan, lehen balorazioa egin du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak. Juntsen presidente ere badenak ohartarazi duenez, "aberria salbatu" nahi duten Espainiako epaileek izango dute auziari buruzko azken hitza.
Abokatu nagusiaren esanetan, Kataluniako prozesuagatik zigortutakoei ezarritako amnistia legea, "ez da autoamnistia".
X sare sozialean argitaratutako mezu batean Puigdemontek adierazi duenez, EBko abokatu nagusiak agerian utzi du amnistia legearen aplikazioa luzatzeko eta blokeatzeko Espainiaren aldetik dagoen "estrategia lotsagabea".
Erreakzio gehiago
Jordi Turull Juntsen idazkari nagusiak Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio EBko abokatu nagusiaren txostena aintzat hartzeko eta amnistia aplikatzea eskatzeko mahai gainean dituen helegiteak ebaztu ditzala. Turullek onartu du gaurkoa aurrerapauso bat dela, eta erbesteratutako kideen itzulera ekar dezakeela.
Oriol Junqueras ERCren presidenteak azpimarratu du Europako Justizia Auzitegi Nagusiak abokatu nagusiaren iritzia aintzat hartzen badu bidea nabarmen erraztuko zaiela Auzitegi Konstituzionalean Kataluniako buruzagi independentistek ezarri dituzten helegiteei.
Espainiako Gobernuaren izenean, Felix Bolaños Justizia ministroak "garaipen handia" dela azpimarratu du, araua Europako zuzenbidearen araberakoa dela "argi eta garbi" ondorioztatu duela iritzita.
Cuca Gamarra PPren ordezkariaren esanetan, berriz, abokatu nagusiak bere txostenean baieztatu du amnistia legeak zuzenbide estatuaren printzipioak urratzen dituela, "autoamnistia" dela eta Pedro Sanchezen inbestidura "erosteko" egin zela.