Lau pertsona atxilotu dituzte urriaren 30ean Nafarroako Unibertsitatean izandako istiluengatik
Istiluak Nafarroako Unibertsitatearen inguruan jazo ziren, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak ekitaldi bat deitu ondoren. Azkenean, bertan behera utzi zuen deialdia.
Espainiako Poliziak lau gazte atxilotu ditu urriaren 30ean Nafarroako Unibertsitatearen inguruan izandako istiluetan parte hartu zutelakoan. Bertan, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak ekitaldi bat deitu zuen, baina azkenean bertan behera geratu zen.
Horietako hiruri desordena publikoa eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzi diete. Beste bati, berriz, desordena publikoak eta lesioak eragitea leporatu diote.
Gertakariak 18:00ak aldera jazo ziren Nafarroako Unibertsitateko campusaren inguruan.
Ondoren, istiluak Iturrama auzora iritsi ziren. Han, edukiontziak etzan eta erre zituzten, eta botilak eta objektuak bota zizkieten agenteei. Horietako lau zauritu egin ziren, horietako bat harri batek buruan jo zuelako.
Gainera, istiluekin zerikusirik ez zuen gazte bat larri eraman behar izan zuten ospitalera, eta kazetari batek ere lesio larriak izan zituen, kolpatu eta lurrera bota zutelako.
Ikerketari esker, lau pertsona identifikatu dituzte, eta epailearen esku utzi dituzte ostiral honetan Iruñean.