Bi atxilotu eta bost zauritu Iruñeko istiluetan, Vito Quiles ultraeskuindarrak deitutako ekitaldia bertan behera gelditu bada ere
Espainiako Polizia Nazionalak asaldatzaile ultraeskuindarraren aurkako manifestarien aurka egin du, eta liskarrak Nafarroako Unibertsitateko campusean eta Iturrama auzoan izan dira.
Bi pertsona atxilotu dituzte, eta gutxienez bost zauritu dira, ostegun honetan Iruñean Vito Quiles asaldatzaile ultraeskuindarrak Nafarroako Unibertsitateko campusean deitu duen ekitaldiaren aurkako istiluetan.
Hitzordua bertan behera gelditu den arren, liskarrak izan dira manifestari antifaxisten eta Espainiako Polizia Nazionaleko agenteen artean, bai unibertsitate esparruan, bai Iturrama auzoko kaleetan.
Quilesen presentzia iragarrita zegoenez, Nafarroako Unibertsitateak eraikinak ixtea eta 15:00etatik aurrerako jarduera akademikoa etetea erabaki du. Arratsalderako, polizia-dispositibo handi bat zabaldu dute campusean, eta, hitzordua bertan behera gelditu bada ere, ekitaldiaren aurkako ehunaka pertsona eta asaldatzailearen hainbat jarraitzaile aurrez aurre egon dira campusean, elkarretaratzean.
Espainiako Polizia Nazionaleko agenteek segurtasun-hesia osatu dute bi taldeen artean, eta, azkenean, Quilesen aurkako manifestarien aurka oldartu dira.
Campuseko lehen oldarraldiaren ondoren, liskarrak Iturrama auzora zabaldu dira. Manifestariek hainbat edukiontzi irauli eta erre dituzte, eta botilak eta beste objektu batzuk jaurti dituzte Poliziaren aurka.
Polizia iturrien arabera, gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte eta beste bost zauritu dira. Azken horietako lau Espainiako Polizia Nazionaleko agenteak dira, eta bosgarrena kazetari bat, Gobernuaren Ordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez.