Milaka pertsona bildu dira Madrilen, Espainiako banderekin, PPk hauteskunde orokorrak eskatzeko egindako protestan
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente denetik PPk Espainiako Gobernuaren aurka egin duen zazpigarren protesta izan da. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak esan du "ETA Euskadiri eta Nafarroari egindako erasoa prestatzen ari" dela, eta gogor egin du EH Bilduren eta EAJren aurka.
Milaka pertsona bildu dira igande honetan Madrilen, Debod tenpluko zelaigunean, PPk Pedro Sanchezen gobernuaren "ustelkeria" salatzeko deitutako protestan parte hartzeko eta hauteskunde orokorrak deitzea eskatzeko. 80.000 izan dira antolatzaileen esanetan, eta 40.000, berriz, Gobernuaren ordezkaritzaren arabera.
Efectivamente: ¿mafia o democracia? lelopean egin den elkarretaratzean parte hartu dutenek Espainiako banderak eraman dituzte, ez PPrenak, PPk "siglarik gabeko protesta" izatea eskatu baitzuen. Gainera, "dimisioa orain", "botere banaketa" edo "independentzia judiziala" eskatzen zuten pankartak ikusi dira.
Carlos Moreno, El Pulpo, PPren ekitaldietan ohikoa den kazetariak girotu du mobilizazioa, eta, besteak beste, El Padrino filmeko musika jarri du. "Pedro Sanchezen gobernua definitzen duen soinu-banda da", esan die Debodeko tenpluan bildu diren herritarrei.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente denetik PPk Espainiako Gobernuaren aurka egin duen zazpigarren protesta izan da igande honetakoa. Alderdi horrek Debodeko tenpluaren agertoki bera aukeratu zuen 2023ko abenduaren 3an amnistiaren eta PSOEren eta Juntsen negoziazioen aurkako beste protesta bat egiteko. PPk orain arte deitutako protestetan inoizko protestari gutxien bildu zituen egun hartan.
Jose Luis Abalos espetxeratu izanak eragin du gaurko protesta; izan ere, popularren arabera, "ez da gertaera isolatua", Sanchez "sagar ustela" baita.
Testuinguru horretan, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak giroa berotu du PPko presidenteak ekitaldi politiko honetan parte hartu aurretik. "Euskal Herriko mendietako baserri batean jaio eta hautetsontzietan hilko den Gobernua" aipatu du bere hitzaldian.
Bestalde, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak esan du ETA "Euskadiri eta Nafarroari egindako erasoa prestatzen ari" dela, Pedro Sanchez presidentea "sostengatzen" duen bitartean, eta gogor egin du EH Bilduren eta EAJren aurka.
"Espainiako Gobernua epaileen aurka protesta egitera deitzen ari da, eta nik ustelkeriaren aurka egiteko eskatzen diet herritarrei", esan du Feijook, Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy presidente ohiek babestu duten hitzordu politiko honetan.
Feijook salatu duenez, Espainiako Gobernua eta PSOE inguratzen dituen ustelkeria "ez da akats puntuala". "Sanchismoa kartzelan dago eta Gobernutik atera behar dugu", adierazi du PPko presidenteak. Popularren buruak hauteskundeak eskatu ditu berriro, eta alderdi guztiei zuzendu zaie, Sanchezen gobernuari aurre egin diezaioten.
"Sanchismoa ustelkeria politikoa, ekonomikoa, instituzionala, soziala eta morala da", ohartarazi du Feijook, 80.000 pertsona inguru batu dituen protestan, PPko iturrien arabera.
Javier De Andres Euskadiko PPko presidentea ere izan da PPk deitutako elkarretaratzean. Horren esanetan, "lotsatu" egiten du justiziaren aurka manifestatzen den jendea egoteak. "Justizia eta egia babestu nahi ditugu, eta ustelkeriaren eta PSOEko alprojen aurka manifestatu", azpimarratu du.
Atxilotu bat Revuelta gazte erakundeak PSOEren egoitzaren aurrean egindako protestan
PPk deitutako elkarretaratzeaz gain, ordubete geroago beste protesta bat egin dute sozialisten Ferrazeko egoitzaren aurrean, kasu honetan Revuelta elkarteak deituta, VOXeko gazteek, sare sozialen bidez.
400 pertsona bertaratu dira eta poliziak pertsona bat atxilotu du.
Une batzuetan, manifestariak Ferraz kalera joandako kazetarien aurka ere oldartu dira, besteak beste, TVEko erreportari bati kamera estali diote zuzenean ari zela.
Jose Pablo Lopez RTVEko presidenteak kazetariaren jazarpena salatu du. X sare sozialean zabaldutako mezu batean, Lopezek "faxistak" izatea leporatu die kazetariari bere lana egitea galarazten saiatu direnei: "Faxistak faxisten gauzak egiten, telebista publikoaren eta bere profesionalen aurka sortutako giroaren baitan, denak baliko balu bezala", idatzi du.
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk eskuin-muturrari aurre egiten jarraituko duela adierazi du Unai Hualdek
Amaiurren egindako ekitaldi batean, Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak esan du EAJk eskuin-muturrari aurre egiten jarraituko duela, Manuel de Irujok bezala.
Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak informazioa eta laguntza eskaini dizkie Ekialde Hurbilean dauden EAEko herritarrei eta enpresei
Israelek eta AEBk Irani egindako erasoak segurtasunean, aire konexioetan eta mugikortasunean izan ditzakeen eraginaren aurrean, "laguntza eta koordinazio instituzional guztia" eskaini die. Lasai egoteko eta alferrikako joan-etorriak saihesteko gomendatu die.
Pradales Belgikako lehen ministroarekin bilduko da Bruselara egingo duen hirugarren bidaia ofizialean
Lehendakaria Bruselara joango da martxoaren 3tik 4ra, Euskadik Europan duen papera indartzeko eta 2028tik aurrerako kohesio-politikari buruzko goi-bilera batean parte hartzeko.
Burujabetza handiago baten beharra azpimarratu du Gure Eskuk
Gure Esku mugimendu herritarrak bigarren konferentzia subiranista egin du Bilbon, eta egun burujabetzak eta nazioak nola eraikitzen ari diren aztertu du. Burujabetza handiago baten beharra azpimarratu dute bertan, eta eredu propioa aldarrikatu.
EAJk Itziar Carrocera zinegotzia aukeratu du Santurtziko alkategai
Elkarrekin Podemosek iragarpena egin duen egun berean izendatu dute. Hain zuzen ere, alderdi horrek adierazi du Miren Matanzas buru duen EH Bilduren hautagaitzaren alde bozkatuko duela martxoaren 5ean egingo den inbestidura-saioan.
Motibazio politikoko 65 biktima aitortu zituen iaz Nafarroako Gobernuak
2023tik, 217 aitortza eskaera jaso ditu Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, eta 106 biktima aitortu ditu; horietatik 7 hildako biktimenak dira.
Zarzuelak uste du Juan Carlos I.ak egoitza fiskala Espainian finkatu beharko lukeela Estatura itzuli nahi badu
Errege emeritua Espainiara itzul daiteke egokitzat jotzen duenean, baina Errege Etxean uste dute, bere irudia eta Koroarena babestu nahi baditu, orduan zerga-egoitza Estatuan ere finkatu beharko lukeela.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurrena ospatu du Eusko Legebiltzarrak
Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza zabala izan da ekitaldian, eta, besteak beste, Fatma Mehdi Hassam Kooperazioko ministro sahararra, Fueila Mohamed Aali parlamentari sahararra eta Mojtar Fade Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaria ere izan dira bertan. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Euskal Herria eta saharar herria lotzen dituzten "adiskidetasun eta elkartasun lotura sakon eta zintzoak" azpimarratu ditu bere hitzaldian.
Aitor Estebanek hoztu egin du EH Bildurekin eta PSE-EErekin estatus berriari buruzko akordioa lortzeko aukera
Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak Nueva Economía Forum gosarian adierazi duenez, une honetan "igerilekuan ez dago urik". Edozein kasutan, buruzagi jeltzaleak adierazi du EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk negoziatzen jarraitzeko borondatea dutela.
Kongresuak babes sozialerako dekretua errefusatu ostean, "estrategia politikoak" nagusitu direla esan du Aizpuruak
Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Euskadi Irratian esandakoaren arabera, Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuak ahaleginak egin ditu ezkutu sozialeko neurriak aurrera ateratzeko, eta, beraz, ez du ontzat jo Juntsek babeste aldea jarritako baldintza: etxegabetzeen luzamendua dekretutik ateratzea. Gezurretan aritzea egotzi dio Juntsi, eta ezkutu sozialak neurri guztiak jaso behar dituela nabarmendu du.