Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak informazioa eta laguntza eskaini dizkie Ekialde Hurbilean dauden EAEko herritarrei eta enpresei
Israelek eta AEBk Irani egindako erasoak segurtasunean, aire konexioetan eta mugikortasunean izan ditzakeen eraginaren aurrean, "laguntza eta koordinazio instituzional guztia" eskaini die. Lasai egoteko eta alferrikako joan-etorriak saihesteko gomendatu die.
Ke zutabe bat, Dubaiko aireportuan, Irango misil batek jo ostean. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia Ekialde Hurbilean dauden EAEko herritar eta enpresekin harremanetan jarri da, Israelek eta AEBk Iranen kontra egindako erasoek eremuan segurtasun arazoak sor ditzaketelako. Idazkaritzak mezua zabaldu du sare sozialen bitartez, eta informazioa eta laguntza eskaini dizkie.
Ziurgabetasun egoera honetan, lasai egoteko, alferrikako joan-etorriak saihesteko eta Espainiako eta Europar Batasuneko ordezkarien segurtasun jarraibideak betetzeko gomendatu die.
Jaurlaritzak bere "laguntza eta koordinazio instituzional guztia" jarri du euskal herritarren eta enpresen esku. Besteak beste, egoeraren jarraipena egingo dute, eskumena duten Espainiako eta Europako agintariekin koordinatuko dira, segurtasunari eta mugikortasunari buruzko informazio garrantzitsu eta eguneratua eskainiko dute eta eskualdean lekualdatutako EAEko langileei lagunduko diete.
Azkenik, behar izanez gero, eurekin kontaktuan jartzeko bideak gogorarazi dituzte: Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren kanala (@euskadiglobala) eta kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik