Motibazio politikoko 65 biktima aitortu zituen iaz Nafarroako Gobernuak
2023tik, 217 aitortza eskaera jaso ditu Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, eta 106 biktima aitortu ditu; horietatik 7 hildako biktimenak dira.
Biktimak Aitortzeko eta Erreparatzeko Batzordea. Argazkia: EFE
Motibazio politikoko ekintzen ondorioz eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako 65 biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak 2025ean. Biktima horien artean tiroz hildako biktima bat dago. 55 biktima (44 gizonezko eta 21 emakumezko) atxilotu eta torturatu zituzten, eta gainerakoek kalte fisikoak, psikologikoak eta materialak jasan zituzten.
Martin Zabalza Biktimak Aitortzeko eta Erreparatzeko Batzordeko presidenteak ostiral honetan aurkeztu du jardueraren memoria Nafarroako Parlamentuan, eta bertan xehatu ditu datuak. Memoriak jaso duenez, Nafarroako Gobernuak guztira 1.800.000 euro inguru bideratu ditu orain arte. Iaz, 500.000 euro baino gehiago bideratu zituen kalte-ordainetara.
2023tik, 217 aitortza eskaera jaso ditu Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, eta 106 biktima aitortu ditu; horietatik 7 hildako biktimenak dira, "horietako bat poliziaren zaintzapean torturatua, eta gainerakoek Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetako kideen tiroak jaso zituzten su-armaz", Zabalzak azaldu duenez.
Une honetan, 99 espediente ebatzi gabe daude oraindik, eta motibazio politikoko ekintzen biktima gisa aitortza eskatzeko epea datorren urteko maiatzean amaituko da.
Zabalzaren hitzetan, 16/2019 Foru Legearen babesean 2022an sortutako Batzordearen metodologiak "ez du funtzio judiziala ordezten, eta ez ditu gertaerak erabateko ziurtasun historikoarekin berreraiki nahi, baizik eta kaltearen egiantzekotasuna, koherentzia eta peritu-onargarritasuna aztertu, Istanbulgo Protokoloan eta NBEko errelatore berezian oinarritutako auzitegiko estandarrei jarraituta".
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik