Pradales Belgikako lehen ministroarekin bilduko da Bruselara egingo duen hirugarren bidaia ofizialean
Lehendakaria Bruselara joango da martxoaren 3tik 4ra, Euskadik Europan duen papera indartzeko eta 2028tik aurrerako kohesio-politikari buruzko goi-bilera batean parte hartzeko.
Imanol Pradales lehendakaria, Bruselan. Argazkia: Irekia
Imanol Pradales lehendakaria Bruselara joango da martxoaren 3tik 4ra, "Euskadik Europar Batasunaren bihotzean duen protagonismo politikoa indartzeko". Legealdi honetan Europar Batasunera egingo duen hirugarren bidaia izango da, 2024ko azaroan eta 2025eko urtarrilean egindakoen ondoren. Horien guztien helburua da "Euskadiri eragiten dioten erabakiak hartzen direnean mahai horietan egotea" eta "euskal gizartearen interesak eta eskubideak" defendatzeko eragina irabaztea.
Agendaren puntu nagusia Bart De Wever Belgikako lehen ministroarekin egingo duen maila goreneko aldebiko bilera izango da. Azken horrek Pradales hartuko du martxoaren 4an bere egoitza ofizialean. Bileraren helburua "bi herrialdeen arteko aliantza indartzea" eta lankidetza estutzea da, besteak beste, Europako hizkuntza koofizialen defentsan eta "legegintzako eskumenak dituzten estaturik gabeko eskualde eta nazioen zeregina aldarrikatzea".
Eusko Jaurlaritzaren ustez, "politikak birdefinitzeko une erabakigarria da", eta, zentzu horretan, lehendakariak Power Regions of Europe - Round Table Summit 2026 goi-bileran parte hartuko du. Goi-bilera horretan, gaitasun ekonomiko eta teknologiko handiena duten eskualdeek 2028aren osteko Kohesio Politikaren aurrean duten jarrera finkatuko dute.
Aurretik, Pradalesek European Policy Centrek (EPC) antolatutako elkarrizketa batean parte hartuko du. Bertan, euskal industria "segurtasun eta geopolitika aro berrira lehiakortasunik galdu gabe" nola egokitu behar den azalduko du. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da "euskal industriaren ahotsak eta gaitasunek eragin zuzena izatea Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen erabakietan".
Oraindik itxi gabe dagoen agenda horren barruan, euskal diasporarekin ere bilduko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik