Espainiako Gobernuak eta ERCk finantza-akordioa erdietsi dute Kataluniarako 4.700 milioi euro gehiago bideratzeko
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin Moncloan izandako elkarrizketaren ostean eman du horren berri Oriol Junqueras ERCren buruak.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Oriol Junqueras ERCren buruarekin bildu da, Moncloan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren buruak akordioa lortu dute ostegun honetan Kataluniarako finantzaketa-sistema berri baten inguruan. Hain zuzen, Junquerasek hitzorduaren ondotik egin dituen deklarazioetan adierazi duenez, 4.700 milioi euro gehiago ekarriko dizkio akordio horrek erkidegoari, eta “ordinalitate printzipioa” aitortuko dio.
Junquerasek pozik hartu du ituna, uste baitu "mundu guztia irabazten" duela horrekin, bereziki Kataluniako herritarrak, Generalitateari aurrekontu ahalmena % 12 handitzea ahalbidetuko diolako.
Hala ere, esan du Estatuko aurrekontu orokorrak izateko baldintzak oraindik ez direla betetzen, erkidegoen finantzaketa eredu berri baterako akordioa lortu arren. Hala ere, legegintzaldiarekin jarraitzearen aldeko apustua egin du.
Sanchezekin Moncloan bildu ostean egindako adierazpenetan, Junquerasek esan du aurrekontu proiektu bat negoziatzeko beharrezkoa dela finantzaketa-eredua eta diru-bilketa eredua aldatzea.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren buruak lehen bilera egin dute Junqueras kartzelatik atera zenetik, eta funtsezko gai bat izan dute mahai gainean: independentistei agindutako Kataluniarako finantzaketa-sistema.
PPk Sanchezen "desesperazioa" salatu du
Akordioaren berri izan bezain pronto, Elias Bendodo popularrak Sanchez "desesperaturik" dagoela salatu du, ERCren presidentearekin "negoziatzen" ari delako.
Malagan egindako ekitaldi batean, Bendodok esan du uste duela bi buruzagien artean goizean izandako bilerak erakusten duela "lehen mailako eta bigarren mailako espainiarrak" daudela.
Sanchez "belauniko jarri da Junquerasi arnasa eskatzeko, inhabilitatuta dagoen buruzagi bati", adierazi du politikariak.