Otegik Hego Euskal Herriko "zerrenda bateratua" aldarrikatu du Espainiako hauteskundeetan “herri gisa hitz egiteko"
Otegi, EH Bilduren batzar nagusian egindako mintzaldian. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Hego Euskal Herriko "zerrenda bateratua" defendatu du berriro, ate-joka egon daitezkeen hauteskunde orokorrei begira. Horren ustez, bozak "noiz" izango diren baino gehiago, indar politikoek "zein helburu eta proposamenekin" helduko dieten da "eztabaida", eta, ildo horretan, EAEko eta Nafarroako indarrak zerrenda berean joanda, herritarrek “herri gisa hitz egiteko aukera” izango lukete.
Gogoeta hori EH Bilduren batzar nagusian egin du Otegik. Bilbon, Bizkaia Aretoan, 500 kidetik gora bildu ditu koalizioak 2026rako erronkak partekatu eta irailean Donostian egindako konferentzia politikoan hartutako konpromisoei segida emanez, herritarren eta eragileen kezkak ezagutzeko abiatutako Elkarrizketa Nazionalaren ondorioak aurkezteko. Otegiren aburuz, aurtengoa "gakoa" izango da arlo askotan, eta, besteak beste, hauteskunde ziklo berri bat abiatuko da.
Zerrenda bateratuaren ideia ez da berria EH Bilduren baitan, baina koordinatzaile nagusiak argudiatu du hizpide izan behar dela berriro. Azpimarratu duenez, EH Bilduren proposamenak “lurralde zatiketa gainditzen du” eta Hego Euskal Herriko herritarrei “herri gisa hitz egiteko aukera” ematen die: “Espainiako hauteskundeak euskal borondate demokratiko herritar eta nazionala adierazteko aukera eskaintzen du gure proposamenak”. Hala, horren esanetan, koalizio subiranistak erabaki du “herri bezala jokatzea, ez alderdi bezala”.
Otegiren iritzian, posible da "gutxienekoen akordio bat" adostea, alderdi guztiek "politika eta proiektu estrategiko berberak" izan ez arren.
EH Bilduren Elkarrizketa Nazionalak utzitako ondorioak ahotan hartuta, Otegik esan du herritarrek dituzten kezkak eta erronkak ez datozela bat "eliteek plaza publikoan mahai gainean jartzen dituzten gaiekin”, eta azpimarratu du EH Bilduk lehenengoen alde egingo duela "datozen hilabete eta urteetan" EH Bilduk hartu beharko dituen "erabaki garrantzitsuetan". “Autoritarismoaren aurrean edo askapen nazionalaren dinamikan edota Euskal Herriaren defentsa demokratikoan hainbat erabaki hartu edo proposamen egin beharko ditugu. Prest gaude horretarako, eta argi dugu zer egin behar dugun”, adierazi du.
Amaitzeko, nazioarteko egoera hizpide hartuta, Otegik iragarri du astelehenean egingo den Mahai Politikoan zehaztuko dutela euren jarrera. Dena dela, aurreratu du EH Bilduk bere "konpromiso irmoa" erakutsiko duela "gaur eta beti herrien askatasuna, burujabetza, autodeterminazioa eta bakearen alde".