Pradales lehendakariak Davoseko Foroan parte hartuko du
Euskadik Munduko Ekonomia Foroan parte hartuko duen lehen aldia izango da. Lehendakaria buru duen euskal ordezkaritza Suitzan izango da hilaren 20tik 22ra bitartean.
Davos (Suitza). Artxiboko argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakariak Davoseko Munduko Foro Ekonomikoan parte hartuko du datorren astean, Suitzan.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburu eta bozeramaileak gobernu bileraren ostean esandakoaren arabera, "mugarri garrantzitsua da Euskadirentzat" lehendakari batek parte hartuko duen lehen aldia izango delako. Hiru eguneko bidaia izango da (urtarrilak 20, 21 eta 22) eta lehendakaria izango da euskal ordezkaritzaren buru.
Munduko Foro Ekonomikoa maila ekonomiko eta enpresarialean goreneko foroa da nazioartean, eta urtero biltzen ditu politikaren, enpresaren eta kulturaren mundu mailako agintari nabarmenak. Aurtengoa 56. edizioa izango da, eta urtarrilaren 19tik 23ra egingo da, 'elkarrizketa-espiritua' lelopean.
“Davoseko Foro Ekonomikoan parte hartzea aukera ezin hobea da Euskadirentzat; izan ere, zuzenean eragiten dioten gaiak landuko dira bertan, esaterako, munduko gobernantza ekonomikoa, geopolitika, jasangarritasuna, eraldaketa ekonomikoa eta gizarte-kohesioa”, azpimarratu du Ubarretxenak.
Halaber, nazioarteko ordezkariekin hartu-emanak izateko aukera paregabea dela nabarmendu du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Oraindik lehendakariaren agenda zehaztu gabe badago ere, Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuetako goi funtzionarioekin bilerak egitea aurreikusi du, baita ekitaldi propioa egitea ere.
Ubarretxenaren esanetan, Lehendakaritzak datorren astean emango ditu bidaiari buruzko xehetasunak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik