Oscar Tellez Vox Navarrako kidea inputatu du Fiskaltzak, gorroto delitua egotzita
Salaketaren arabera, Tellezek TikTok eta Instagram plataformetan argitaratutako edukiek migratzaileen aurkako gorroto delitua sustatzen dute.
Nafarroako Fiskaltzak Oscar Tellez Voxeko kidea inputatu du, ikertu gisa, gorroto delitua egotzita. Alderdi ultraeskuindarrak Foru Erkidegoan duen gazteria arduraduna da Tellez, eta hark sare sozialetan zabaldutako edukiek migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzen dutela uste du fiskalak.
Nafarroako Gobernuak eskatu zion Fiskaltzari, auzia zabaltzeko, Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Zerbitzuak egindako txostena igorrita. Bertan, Voxeko kideak TikTok eta Instagram plataformetan argitaratuko edukien azterketa teknikoa jaso zen, eta, ondorioen arabera, pertsona migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzen ari da Tellez sare sozialetan. Bereziki, bakarrik iristen diren adingabe migratzaileen eta jatorriz magrebtarrak diren gizonezkoen aurkako mezuak zabaltzen ditu.
Fiskaltzaren arabera, baieztatu gabeko informazioa eta gezurrak argitaratu ditu Tellezek, horretarako hizkuntza deshumanizatzailea erabilita, indarkeria giroari bide emanez.
Albistearen berri izan ondoren, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak "oso positibotzat" jo du inputazioa. Orain, Justiziak bere lana egitea eta Foru Erkidegoan gorrotoa zabaltzeak ondorioak izatea espero duela gaineratu du.
Berehala etorri da Vox Navarraren erantzuna. "Chiviteren Gobernu ustelak denok ordaindutako txiringito bat erabili du Vox salatzeko", idatzi dute X sare sozialean.
Oraingoz, Tellezek ez duela inputazioaren jakinarazpenik jaso ziurtatu du eskuin muturreko alderdiak. "Deitzen bagaituzte, aurrera", dio mezuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik