GKSk milaka gazte mobilizatu ditu Bilbon eta Iruñean, "faxismoaren aurka"
"Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka" lelopean manifestazio jendetsuak egin dira bi hiriburuetan. Dozenaka bandera gorri eraman dituzte bertaratuek eta faxismoaren zein inperialismoaren kontrako oihuak bota dituzte.
Milaka lagunek egin dute bat larunbat honetan Bilbon eta Iruñean, GKSk (Gazte Koordinadora Sozialista) faxismoaren aurka deitutako manifestazio banatan, "Euskal Herrian faxismoari pasatzen utziko ez dion gazteria mobilizatu eta antolatu bat dagoela erakusteko".
Bilboko martxa 18:15 aldera abiatu da Jesusen Bihotza plazatik, "Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka "lelopean, bandera gorriz lagunduta. Minutu batzuk geroago hasi da Iruñeko martxa.
"Borroka da bide bakarra" eta "faxismoaren aurrean langile batasuna" oihuen artean, Bilboko Kale Nagusia zeharkatu du manifestazioak. Moyua plazan pankarta handi bat erakutsi dute Donald Trumpen argazkiarekin eta "inperialismo genozida" salatu dute.
Mobilizazioak udaletxera arte jarraitu du, eta bertan, GKSko ordezkariek adierazi dute martxaren helburua "euskal langile" gazteen "suspertze antifaxista" erakustea dela, "Espainian eta Euskal Herrian gertatzen ari den joera erreakzionarioari aurre egiteko". Olde erreakzionariak, "eskubide politikoak ezabatzea bilatzen" duela salatu dute, "herri zapalduen eta talde minorizatuen langile-klasearekiko gorrotozko ideologia baita".
GKSko ordezkariek adierazi duenez, "Euskal Herrian edozein autoritarismo moduri aurre egiteko prest dagoen indar bat dago", eta "faxismoaren aurrean eusteko horma" gisa aldarrikatu du erakundeak bere burua, "proposamen politiko sendo batekin".
Zure interesekoa izan daiteke
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri