ZALDIBARKO HONDAMENDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zaldibar Argitu plataformak auziaren mamia ikertzeko eskatu eta hortik "desbideratzeko ahaleginak" salatu ditu

Arantza Baigorri EH Bilduren Zaldibarko alkate ohia ikerketapean dagoela jakin ostean, oharra atera du herritarren plataformak. Horren ustez, alkate izandakoak edo horren alderdiak azalpenak eman beharko dituzte, baina lehentasuna da luizia eta bi langileren heriotza eragin zuten faktoreak ikertzea.

Zaldibar argitu bilkura EFE
Eitzagan hildako bi langileen omenezko lore-eskaintza, iaz. Argazkia: EITB

Zaldibarko hondamendiaren harira, ingurumen delituak ikertzen ari den auzian Arantza Baigorri EH Bilduren alkate ohia inputatu dutela jakin berritan, oharra kaleratu du Zaldibar Argitu herri plataformak "arreta ez desbideratzea" eta bi langileen heriotza eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak ikertzea eskatzeko. 

Sei puntuko ohar labur batean, auzia ikertzea eskatzeko sortutako herritarren plataformak salatu du auziak 6 urte daramatzala instrukzio fasean, "etengabeko luzapenak" izan dituela eta lehentasuna dela luizia eragin zuten faktoreak ikertzea, ardurak zehazteko. Plataforma hori osatzen duten herritarren ustez, orain zabaldu den informazioa "ez doa norabide horretan". Horren harira, arreta "arazoaren benetako mamitik desbideratzeko ahaleginak antzuak" izango direla ohartarazi dute.

Dena dela, nabarmendu du Baigorri alkate ohiak edota EH Bilduk azalpenak eman beharko dituztela udalerriko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) Verter Recyclingen mesedetan moldatu ote zuten zehazteko, baina gaineratu du oraindik argitu gabe dagoela horretan Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ardurarik izan zuten; izan ere, gogora ekarri duenez, Zaldibarko HAPOk Aldundiaren oniritzia jaso zuen 2020ko apirilean, eta sasoi hartan Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua zenak sinatu zuen, alegia, Imanol Pradalesek. 

Era berean, Zaldibar Argitu plataformari "harrigarria" egin zaio Jose Luis Maiztegi eta Juan Mari Uriarte jeltzaleak, 2019 eta 2023 bitartean alkate eta alkateorde izan zirenak, ikertu moduan ez agertzea, Zaldibarko Udalaren eta Verter Recyclingen arteko harremanak horiek "zuzendu" baitzituzten,  plataforma horren arabera.

Azkenik, bi eskaera egin dituzte: batetik, instrukzio fasea amaitzeko behingoz, eta bestetik, otsailaren 8an, 12:30ean, Zaldibarko Eitzaga auzoan urtero egin ohi duten ekitaldian parte hartzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X