Zupiriak “zentzuz” jokatzeko eskatu du, Voxek Gasteizen deitutako ekitaldiaren aurrean
Eusko Jaurlaritzaren esanetan, “alderdi autoritario baten ekitaldia” izango da, “15 lagunek deituta”.
Eusko Jaurlaritzak “zentzuz” jokatzeko eskatu du, Voxen “probokazioa” ikusita. “Alderdi autoritario bateko hamabost bat lagunen probokazioan ez erortzeko” eskatu du Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, astelehenean Voxek Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusean deitutako ekitaldiaren harira.
Errektoretza-taldeak campusa ixtea eta aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea erabaki du, ekitaldiak “arriskua” ekar dezakeelako; izan ere, horren aurkako mobilizazioak deitu dituzte.
“Ez dut polemikarik txikiena piztu nahi gai honen inguruan. Alde batetik, badago talde txiki baten probokazioa, eta ez nuke ulertuko probokazio horretan inor erortzea”, adierazi du Zupiriak kazetarien aurrean Eusko Legebiltzarrera iritsi denean.
Sailburuak esan du gizarteak “zentzuz jokatzea” espero duela, “herritar guztiek beren eskubideak normaltasun osoz gauzatu ahal izateko”. “Aukera badago jende guztiak bere adierazpen askatasuna eta protesta egiteko eskubidea erabili dezan inor kaltetu gabe. Espero dut hori nagusitzea”, azaldu du.
EHUren oharra
EHUko errektoretza-taldearen ustez, unibertsitatearen balioak “bateraezinak” dira Voxen eta “edozein autoritarismoren mezu nazional-populistekin”. Ohar batean nabarmendu duenez, “ez da kasualitatea alderdi ultraeskuindarraren elkarretaratzea Arabako campusean eta egingo den egunean egitea", otsailaren 23an, hain zuzen.
Horren iritzian, “ez da kasualitatea, ezta huskeria ere, alderdi ultraeskuindarraren ekimenak bat egitea 1981eko otsailaren 23an izandako estatu-kolpe saiakeraren urteurrenarekin, eta zer esanik ez mundu mailan ultraeskuina aurrera egiten ari den testuinguru honetan”.
Erabiliko den espazio publikoa Gasteizko Udalaren jabetzakoa da, baina EHUren Arabako campusaren eremuan dago, Euskal Herriko Unibertsitateak gogorarazi duenez.
“Erabaki hau ardura instituzionaletik hartu da, eta prebentziozko neurri gisa, unibertsitateko kide guztien segurtasuna eta osotasuna bermatzeko helburuarekin. Gure lehentasun nagusia ikasle, irakasle eta TEKAZEL langileen ongizatea da. Ondorioz, jakinarazten da adierazitako egunean aurrez aurreko eskolak eta jarduerak bertan behera geratuko direla, eta irakaskuntza jarduera guztiak baliabide telematikoen bidez garatuko direla”, erantsi du.
Alderdien erreakzioak
Bien bitartean, Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak adierazi du “ulertezina” dela Voxen deialdia, eta gehitu du “probokatzaile batzuengatik istiluak” izango direla.
ETB1eko Egun on saioan adierazi duenez, “denok dakigu istiluak egongo direla”: “Batzuei ondo etorri zaie Voxen deialdia, aitzakia moduan beren deialdia egin eta istiluak sortzeko”.
EH Bilduk, bere aldetik, begi onez ikusi du eskolak eteteko EHUren erabakia, eta, horren ustez, “erakunde publiko guztiek gidari izan behar dituzten balio demokratiko eta antifaxistekiko konpromiso argia” erakusten du.
Ohar batean jaso dutenez, EHUren erabakia “arduratsua eta bizikidetzarekiko konprometitua” da, unibertsitate publikoa “ezin delako eskuin-muturraren probokazioen agertoki bihurtu: haien helburu bakarra konfrontazioa eta zarata mediatikoa sortzea da”.
Azkenik, Eusko Legebiltzarreko Voxen bozeramaile Amaia Martinezek gogor kritikatu du EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea. “Tirano autoritarioa” dela esan du, eta gaineratu du Euskal Herriko Unibertsitatea “guztiona” dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik