Kartzelan 25 urte eman ondoren, aitaren hiltzaileek ETAren "irakurketa kritikoa" egiten ote duten galdetu du Sara Buesak
Bere aita hil zuten ETAko kideen askatasunaren unea "iritsi behar zela" onartu du, eta "egoera zail batzuekin bizi behar dugula, nahiz eta min eman, elkarrekin bizitzeko ditugun printzipio demokratikoetan sinesten dugulako".
Bihar beteko dira 26 urte ETAk Fernando Buesa buruzagi sozialista eta Jorge Diez haren bizkartzaina hil zituela.
Fernado Buesa Fundazioak antolatutako omenaldian, Sara Buesa, Fernando Buesaren alaba, jasandako minaz mintzatu da, eta nabarmendu du biktimek "gizartearen besarkada falta" sentitzen dutela eta "terrorismoaren legitimazio-oihartzunak" min egiten diela.
Gogora ekarri du Jorge Buesa eta Jorge Diez hil zituztenek baldintzapeko askatasuna lortu zutela iaz, eta bere buruari galdetu dio ea ba ote daukaten beraien militantziaren kritikarik.
Buesak esan du bazekiela bere aitaren eta eskoltaren aurkako atentatuagatik zigortutakoak aske uzteko edo espetxe-onurez gozatzeko unea "iritsi behar zela", eta galdetu du ea, espetxean 25 urte eman ondoren, aitaren hiltzaileek ETAko militantziaren "irakurketa kritikoa" egiten ote duten, ea "jendea hil izana zalantzan jartzen ote duten" eta ea gai ote diren "eragin ziguten kalte izugarria" sentitzeko.
"Zauri batzuk irekita daude, eta horiek min ematen dute. Onartzen dut errealitatea beti izango dela inperfektua gure begietara, ezinezkoa dela gure kaltearen mailako ordaina izatea", adierazi du, eta gaineratu du "egoera zail batzuekin bizi behar dugula, nahiz eta min eman, elkarrekin bizitzeko ditugun printzipio demokratikoetan sinesten dugulako".