Cerdanek ukatu du Leire Diezen ustezko sarearen burua dela, eta salatu "kanpaina mediatiko" baten biktima dela
PSOEko Antolakuntza idazkari izandakoaren iritziz, UCOren helburua "pertsonak suntsitzea da, ez delituak ikertzea". Argudiatu duenez, Polizia Judizialak gertakari zehatzak ikertu eta, ondoren, erantzuleak bilatu ordez, "alderantzizko metodologia" erabiltzen du.
Cerdan, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, joan den otsailean. Artxiboko argazkia: Europa Press
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak goitik behera ukatu du Leire auzian, Espainiako Gobernuaren eta PSOEren kontrako ikerketak oztopatzeko ustez sortutako sarean, parte hartu izana, eta are gutxiago horren buru izan izana. "Kanpaina mediatiko baten biktima" izaten ari dela salatu du.
Diputatu eta buruzagi sozialista ohiak oharra kaleratu du gaurkoan bere errugabetasuna defendatzeko. Auzitegi Nazionalak ikerketapean jarri ditu Cerdan bera, sarearen buru delakoan; Leire Diez militante sozialista eta Gaspar Zarrias Andaluziako presidenteorde izandakoa, besteak beste. Espainiako Gobernua edota PSOE jomuga zuten auzietan justiziaren jarduna oztopatzeko sortutako talde antolatu bateko kide izatea egotzi die epaileak hirurei.
Leporatzen zaizkion delitu guztiak ukatu ditu, "erabat eta errotik". Gogora ekarri duenez, duela urtebete "antzeko kanpaina mediatiko baten biktima" izan zen, Koldo auzian inputatu baitzuten, eta hainbat hilabetez behin-behineko espetxealdian egon baitzen. Horren harira, gogorarazi du "gutxienez 5 milioi euro kobratu izana" egotzi ziotela, baina gaur-gaurkoz Guardia Zibilaren UCO unitateak ez duela epaitegira hori justifikatzeko ondare txostena bidali.
UCOren helburua "pertsonak suntsitzea da"
UCOren kontra gogor egin du PSOEren Antolakuntza idazkari ohiak: "Helburua ez da delituak ikertzea, pertsonak suntsitzea baizik". Argudiatu duenez, Polizia Judizialak ez ditu gertakari zehatzen inguruko ikerketak abiatzen, eta, ondoren, erantzuleak bilatzen; "alderantzizko metodologia" darabil. "Pertsona zehatzak aukeratzen dituzte, eta, ondoren, operazioa abiatzen dute horiek izen ona eta ohorea zikintzeko. Horrela bakarrik uler daitezke nire izenaren kontra abiatutako auzi guztiak".
Oharraren amaieran, bere errugabetasuna aldarrikatu du berriro Cerdanek, eta kazetariei "jazartzeari uzteko" eskatu die.