Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkariak, Miguel Angel Perez Trianok, kargua eta politika utzi ditu
Hedabideen aurrean egindako adierazpen instituzional batean azaldu duenez, "presio bidegabea eta irainak" jasan ostean erabaki du kargua uztea.
Miguel Angel Perez Triano, gaur. Argazkia: Europa Press
Miguel Angel Perez Triano Espainiako Gobernuak Ceutan duen ordezkariak karguari uko egin dio eta orain arte zituen ardurak ere utzi ditu —Ceutako PSOEren idazkari nagusia zen—, gaur goizean hedabideen aurrean eskaini duen galderarik gabeko agerraldian adierazi duenez. Bere aurkako kanpaina "bidegabea" salatu du, eta, horrenbestez politika ibilbideari amaiera ematea erabaki du.
Perez Trianok nabarmendu duenez "bidegabeko presioa eta irainak" jasan ondoren eman du pausoa. Halaber, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren eskumenak mugatuak direla azpimarratu du, eta argi utzi nahi izan du Gobernuaren Ordezkaritzak ezin dituela "mugan postuak ireki edo itxi edo Armadari esku hartzeko agindua eman".
Espainiako Gobernuari laguntza eskatu zion astebete lehenago
Milaka pertsonak Espainiaren eta Marokoren arteko muga zeharkatu aurreko astean, neurriak eta errefortzuak eskatu zizkion Perez Trianok Espainiako Gobernuari. Horren arabera, egunero txostenak egiten ziren eta harremanetan zeuden. "Hori da dagokiguna, gure eskumenen baitan", nabarmendu du.
Egoerak okerrera egin zezakeela pentsatu arren, onartu du ez zutela aurreikusten gerora uztailaren 30ean eta 31n gertatu zena.
Polemika, CNIren alertarengatik
Uztailaren amaieran izandako krisiak eta ondorengo akusazioek, batez ere Ceutako Gobernuak aurreikusi zitekeenaz ohartarazi ez izana, markatu dute Perez Trianoren agintaldiaren azken etapa.
Gonzalo Sanz kabineteko buruarekin izandako elkarrizketa baten harira sortu zen eztabaida nagusia, CNIk mugaren egoerari buruzko alertari buruz bidalitako mezu baten harira, hain justu. Perez Trianok argudiatu zuen ez zuela mezu horren berri, eta, horren ondorioz, Gonzalo Sanzek dimisioa eman zuen, Gobernuaren ordezkariari jakinarazi egin ziola esan ostean.
Perez Trianok berak agerraldi publikoa egin zuen argi uzteko ez zuela mezu horien berri, eta Madrilera bidali zuen informazio bakarra izan omen zen presioa handitzen ari zela mugaren inguruan, eta sarrera masiboa izan baino egun bat lehenago 500 pertsona sartu zirela igerian.