Sanchezek esan du "erlojuaren kontra" lanean ari dela etxebizitza dekretua onartzeko
Bazkideek, baina, presiopean dute buruzagi sozialista. Sumar bazkideak planto egitearekin egin du mehatxu, dekretua “funts putreen kontrakoa ez bada”. Juntsen botoak giltzarri dira, eta alderdi katalana alde bozkatzeko prest agertu da gaur, betiere “jabe txikiak kriminalizatzen ez badira”.
Maricarmen babesteko Madrilgo manifestazio jendetsuaren ostean eta ehunka lagun Solen kanpatuta daudela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du gobernua "erlojuaren kontra" ari dela lanean etxebizitzari buruzko dekretua asteartean onartzeko.
Buruzagi sozialista Getafen (Madril) izan da ekitaldi politiko batean, eta maizterren sindikatuaren protesta zuzenean aipatu ez badu ere, Maricarmen asteon etxegabetutako emakumea izan du ahotan. "Maricarmen, mezu bat daukat zuretzat, asteartean etxebizitzaren dekretua ministroen kontseilura eramateko lanean ari gara". Kongresuan onar dadin, talde parlamentarioei "azken ahalegina" egiteko eskatu die. Sanchezen aburuz, etxegabetzeen auzia "ez da ideologia kontua, gizatasunarekin du zerikusia".
Gobernuaren baitan urak arre daude, ordea. Sumar koalizio bazkideak Solen bildutakoak babestu ditu eta azpimarratu du asteartean onartu beharrekoa ezin dela “edozein dekretu” izan. Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia ministroak nabarmendu duenez, arauak “funts putreen kontra egin behar du nahitaez”. “Ez dute Espainian zergarik ordaintzen eta langileen kontura irabazten ari dira”, arrazoitu du.
Monica Garcia Osasun ministro eta Sumar eta Mas Madrid taldeen buruzagia ere ildo beretik mintzatu da, eta argi esan du dekretua “bai ala bai” onartu behar duela exekutiboak, asteartean bertan. “Gobernua eta legegintzaldia bera jokoan” daudela ohartarazi du.
Dekretua aurrera ateratzeko Juntsekin negoziatzen ari da Espainiako Gobernuak, eta hain zuzen, “funts putreak geldiarazteko bada” alde bozkatuko dutela iragarri du Jordi Turullek. Hori bai, ohartarazi duenez, ez dute onartuko “jabe txikiak kriminalizatzea”.
EH Bilduk maizterren sindikatuak egindako eskaerekin bat egiten duela azpimarratu du, eta etxegabetzeen aurrean “babes iraunkorra” emango duen dekretua defendatu du.
Azkenik, EAJren izenean, Aitor Estebanek esan du posible dela dekretua onartzea, baina horretarako alderdiek “minimoen akordio bat” bilatu beharko dutela.