Etxebizitzari buruzko akordioa urrun dago, denbora agortzear dela
EH Bildu, EAJ eta Junts dekretua onartzeko prest agertu dira; Podemosek eta Sumarrek, berriz, gehiago eskatu dute; eta PPk uste du kaltegarria izango dela "gazteentzat, adinekoentzat, etorkinentzat eta seme-alabak dituzten bikoteentzat".
Espainiako Gobernua etxebizitza dekretuaren onarpenari begira jarri da, negoziazioak irekita daudela eta kideen eta Kongresuan onartzea erraztu dezaketen indarrak bat ez datozela. Carlos Cuerpo lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroa "baikor" agertu da, eta astearte honetan "anbizio handiko" testua onartzeko akordioa lortzea posible dela defendatu du.
Espainiako Gobernuaren arabera, dekretuak hainbat arlotako neurriak jasoko ditu etxebizitza larrialdiari aurre egiteko, baina ezkerreko alderdiek etxegabetzeen aurrean babes handiagoa eta alokairuaren merkatuaren erregulazio handiagoa eskatzen dute. EAJk eta Juntsek, bestalde, neurri horiek jabeentzako segurtasun juridikoarekin uztartzeko eta etxebizitza-eskaintza bultzatzeko beharra nabarmendu dute.
PPren Zuzendaritza Batzordeak Madrilen egin duen bilerara joan diren zenbait lurraldeetako buruzagik Pedro Sanchezen Gobernuari egotzi diote etxebizitzaren krisiaren errua, eta Puerta del Solen kanpaldia egiten ari direnei Moncloara joatea iradoki diete.
Genova kalera iritsitakoan, Xavier Garcia Albiol Badalonako (Bartzelona) alkateak prentsari esan dio Ministroen Kontseilua astearte honetan onartzekotan den dekretuak Gobernuak nahi duenaren "guztiz kontrakoa" ekarriko duela, "kalte" egingo dielako "gazteei, adinekoei, etorkinei eta seme-alabak dituzten bikoteei".
Albiolek kritikatu egin du Gobernuak etxebizitzari buruzko politikak "gutxiengoan" dauden eta "erradikalak" diren alderdiekin adostea, PPrekin beharrean.
Bestalde, PSOErekin akordioa egitea "oso urrun" dagoela adierazi du Sumarrek, eta dekretuak etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak hartzea eskatu du. Alderdiak ohartarazi du ez duela babestuko gizartearen eskaeren "mailan" ez dagoen testu bat.
Aldarrikapen nagusien artean etxegabetzeen aurkako bermeak, sasoiko eta gelakako alokairuen erregulazioa, kontratuen luzapena eta pisu turistikoei lotutako iruzurraren aurkako neurriak daude.
Podemosko Pablo Fernandez bozeramailearen ustez, ez dira nahikoak dekretuaren inguruan zabaldu diren neurriak, eta "adabaki" gisa definitu ditu. Adierazi duenez, iragarritako proposamenek ez dute espekulazioa ezabatuko, ezta etxebizitzaren inguruko negozioa ere. Horregatik, urrunago joatea eskatu dio Gobernuari.
Alderdi morearen eskaeren artean daude inbertsio funtsen erosketa espekulatiboa eragoztea eta etxegabetzeen aurkako babesa indartzea, bai eta alokairu-kontratuak egonkortzea eta sasoiko alokairuak arautzea ere.
ETXEBIZITZA
Etxebizitza dekretuaren bidez etxegabetzeak 2028ra arte debekatu, aldi baterako alokairuaren gaineko araudia gogortu eta laguntza fiskalak areagotu nahi dituzte
Espainiako Gobernua etxebizitzari buruzko dekretu berri bat negoziatzen ari da talde parlamentarioekin, asteartean Ministro Kontseiluan onartzeko. Jutsek "urrundu" egin dela esan du azken orduan, eta Sanchezek "azken esfortzua" egiteko eskatu die alderdi guztiei.
Oskar Matute EH Bilduren diputatuak "anbizio handiko" etxebizitza dekretua eskatu du, etxebizitza alternatibarik gabeko familia zaurgarriak etxegabetzeak debekatzeko, sasoiko alokairuak arautzeko, errenten prezio-igoerak mugatzeko eta maizterrei egonkortasuna bermatzeko. Matutek Erandion egin ditu adierazpenok, Los Ochos izenez ezagutzen diren eraikinetako 150 familiei babesa ematen ari zenean.
Matutek uste du Espainiako Gobernuak planteatutako hamar neurriak "norabide onean" doazela eta "oinarri ona" direla, baina Kongresuan gehiengoa lortzeko akordioa zabaltzea beharrezkoa izango dela adierazi du. Ildo horretan, gainerako alderdiei "hausnartzeko" eta mobilizazio sozialei entzuteko eskatu die.
Maribel Vaquero EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi duenez, alderdia "nahiko ados" dago Espainiako Gobernuak planteatutakoarekin, eta gainerako alderdiei jarrera "maximalistetatik" aldentzeko eskatu die, akordioa egiteko.
Jeltzaleek segurtasun juridikoa eskatzen dute bai maizterrentzat bai jabe txikientzat, EAEn garrantzitsuak direla uste baitute. Era berean, inbertsio funtsen jarduna mugatzea, sasoiko alokairuak arautzea eta etxebizitza babestu gehiago eraikitzea eskatu dute.
Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidente eta Juntsen buruzagiak "lubaki ideologikoa" alde batera utzi eta etxegabetzeak galarazteko neurriak hartzea eskatu du, Maricarmenen kasua adibide jarrita.
Rullek adierazi duenez, Juntsek irailaren 3an Espainiako Gobernuari aurkeztu zion proposamenak eragotzi egin zitekeen Maricarmenen etxegabetzea. Kataluniako alderdiak eraikuntza handitzearen, funts putreen jarduna mugatzearen eta jabeen eta maizterren segurtasun juridikoa indartzearen alde egin du.
ERCko parlamentari Etna Estremsek Espainiako Gobernuari agindu dio sindikatuek eskatzen duten dekretuan jar dezala fokua, eta Juntsi eta eskuineko alderdiei galdegin die onar dezatela ituna Diputatuen Kongresura iristen denean.
Bien bitartean, IUko buruzagi Enrique Santiagok nabarmendu du ez duela ulertzen maizterren sindikatuak egindako eskarien aurrean PSOEk egindako "erresistentzia" ulertzen, eta Alberto Ibañezek adierazi du Etxebizitza ministroak ezin duela dekretu "urardotu" bat egin, "Compromisek bozka dezakeen testu bat baizik".
Bukatzeko, Comunsen bozeramaile Gerardo Pisarellok adierazi du etxebizitzari lotutako neurriak "lagaezinak" direla, eta PSOEri ohartarazi dio gai hori ez dela New Yorketik igorritako argazki edo bideo batekin "konponduko".