Puigdemont: "Amnistia ez da Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkaren konponbidea"
Kataluniako presidente ohi eta Junts alderdiko buruak ez du zehaztu noiz itzuliko den, eta erbestean aurrera eraman duten estrategia nabarmendu nahi izan du. "Politika egiteko erabaki genuen erbestera joatea", esan du eta "herriaren zerbitzura lan egiteko" itzuliko direla zehaztu du.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak astearte honetan adierazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak amnistia babesteko hartutako erabakia “Espainiako botere publikoen estrategiaren porrota izan da, Amnistia Legearen aplikazioa eragotzi eta atzeratu baitute”. Hala ere, bere ustez "amnistia ez da Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkaren azken konponbidea".
Auzitegi Gorenak haren aurkako kautelazko neurriak bertan behera uztea erabaki ostean egin ditu adierazpen horiek Puigdemontek, Auzitegi Konstituzionalak dirua bidegabe erabiltzearen delituan Kataluniako independentistei amnistia ezartzea baieztatu ondoren.
Espainiaren eta Kataluniaren arteko harremanari dagokionez, "gaur ez da ezer konpontzen", ziurtatu du Juntseko buruzagiak. Gatazka "politikaren alorrekoa" dela azpimarratu du, eta "politikariei, ez epaileei", dagokiela konpontzea. Era berean, amnistia "konponbiderako formularen parte" dela uste duen arren, "ez dela irtenbidea" adierazi du argi eta garbi.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari dagokionez, "Amnistiaren Legearen aplikazioa, arrazoi politiko hutsengatik, galarazi eta atzeratu duten Espainiako botere publikoen estrategiren porrota adierazten" duela esan du. Bere ustez, erabaki honekin, 'procés'-aren buru izan ziren buruzagi independentistek jasan duten "errepresio politikoa amaitzen da".
Puigdemontek ez du itzuleraren dataren inguruko xehetasunik eman. Hala ere, erbestean aurrera eraman duten estrategia nabarmendu nahi izan du: "Politika egiteko erabaki genuen erbestera joatea", esan du eta gehitu du ez direla gelditu "itzulerak zentzu politikoa ere baduela ziurtatu arte". "Modu berean" itzuliko direla gaineratu du, "ez gure alderdiaren zerbitzura, herrialdearen zerbitzura baizik".
Bere hitzetan, erbestea Kataluniako erakundeen defentsarako estrategia gisa erabili dute, baita euren oinarrizko eskubideen defentsarako eta "autodeterminazio eskubidearen eta aldebakarreko ekintzen izaera utziezinaren" defentsarako ere.