HAUTESKUNDEAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sanchezen iragapenak zerrendaburuak aukeratzeko prozesuak azkartzera eraman ditu alderdi politikoak

Azaroaren 29ko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdiak zerrendak osatzen hasi dira, ezarritako epera garaiz iritsi ahal izateko. Izan ere, urriaren 26rako zerrendak prest izan beharko dituzte.

Diseño sin título - 1

Argazkia: EITB.

Hauteskunde orokorrak azaroko azten asteburura aurreratzeko erabakiak hautagaitzak garaiz izendatzeko prozesuak azkartzera eraman ditu alderdi politikoak. Izan ere, zerrendak urriaren 26a baino lehen prest izan behar dituzte.

EAJ

Aitor Estebanek berak Alderdi Egunean iragarri zuen jeltzaleek urriaren 19an abiatuko zutela hautagaiak izendatzeko prozesua. Baina Pedro Sanchezen iragarpenak prozesu horiek arintzera eta urriaren 21etik 26ra bitartean zerrendaburuak izendatzera behartuko du EAJ. Maribel Vaquerok, aurreko hauteskunde orokorretan Gipuzkoako plantxaren buruak, hautagai gisa errepikatzen duen ikusi beharko da. Gainera, jeltzaleek erabaki beharko dute Idoia Sagastizabal lehena izango den Bizkaian (bigarrena zen, Aitor Estebanen atzetik) eta Mikel Legarda Arabako zerrendaburua izango den ala ez.

EH BILDU

Arnaldo Otegiren alderdiak Sanchezek bere erabakia publiko egin eta ordu gutxira abiatu zuen prozesua. Koalizioaren zuzendaritzak egingo du zerrendaburuen proposamena, eta ondoren militantziak berretsi beharko ditu, bozketa telematiko baten bidez. Hala ere, litekeena da Oskar Matute Bizkaiko hautagai nagusia izatea, eta zalantza dago Mertxe Aizpuruak gauza bera egingo ote duen Gipuzkoako zerrendan. Araban, seguruena zerrendaburu berri bat aukeratu beharko du EH Bilduk.

PSE-EE

Behetik gora, euskal sozialistek hasi dute jada aurpegi nagusiak aukeratzeko prozesua, hauteskunde orokorrei begira. Tokiko elkarteek proposatu beharko dituzte hautagaiak, baina zerrenda horiek lurralde-batzordeen iragazkia igaro beharko dute, eta, azkenik, batzorde probintzial eta federaletatik igaro beharko dute. Patxi Lopez, Rafaela Romero eta David Senderos zerrendaburu izan ziren aurreko hauteskunde orokorretan.

EUSKADIKO PP

Astelehen honetan bertan ekin zioten euskal popularrek hautagaitzak adosteko prozesuari. EAEko zuzendaritzatik proposamenak egingo dituzte eta Genovaren oniritzia jaso beharko dute. Arabari dagokionez, badirudi Iñaki Oyarzabal izango dela Euskadiko PPren hautagai berria. 2023an, Bea Fanjul eta Joana Arce izan ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendetan lehenak, hurrenez hurren.

Nafarroan, bestalde, Sergio Sayas PPko presidenteak adierazi du prest daudela UPNrekin hauteskunde orokorretan parte hartzeko, eta gaineratu du euren esku dagoen "guztia" egingo dutela ituna gauzatzeko.

SUMAR MUGIMENDUA ETA PODEMOS EUSKADI

Lasterketan hautagaitzak aurkezteko lan gehien duten formazioak dira. Izan ere, oraindik ez dago argi aurreko deialdi orokorrean bezala elkarrekin aurkeztuko diren, edo bakoitzak bere aldetik parte hartuko duen. Edonola ere, biek zerrenda-buruen proposamenak jasoko dituzte militanteen artean, hautagaitzak aurkezteko epera garaiz iritsi ahal izateko.

PSOE

Hemen ez dago zalantzarik. Pedro Sanchez seigarren aldiz aurkeztuko da PSOEren zerrendaburu hauteskunde orokor batzuetan. Astelehenean bertan iragarri zuen urriaren 17an aurkeztuko dituela zerrendak PSOEren Batzorde Federalean.

PP

Sanchezen aurka, Alberto Nuñez-Feijoo izango da Alderdi Popularraren hautagaia. Bere bigarren aldia izango da (lehena zerrenda bozkatuena izan zen), eta aurkari bera izango du aurrez-aurre.

VOX

Santiago Abascalek ere Voxeko hautagai gisa errepikatu du. Bere laugarren borroka izango da hauteskunde orokor batzuetan.

FRONTE ZABALA

Oraingoz, Sumarrek, Izquierda Unidak, Mas Madridek eta Comunsek bat egin dute ezkerreko proiektu berri horrekin. Itxura guztien arabera, urriaren 17an egitasmo berri honen nondik norakoak zehaztuko dituzte, eta, aurretik, koalizio berri honen buru diren pertsonak iragarriko dituzte. Yolanda Diazek (Sumar) ez errepikatzeko asmoa iragarri zuen, eta Fronte Zabalaren buru izan daitezkeen izenak bolo bolo dabiltza: Pablo Bustinduy, Ada Colau, Monica Garcia edo Ernest Urtasun dira gehien errepikatzen diren izenak. 

PODEMOS

Podemosek, bere aldetik, datorren asterako primario irekiak proposatu ditu, zehazki, urriaren 14rako eta 15erako. Helburua Fronte Zabalarekin hautagaitza bateratua hitzartzea litzateke. Alderdi moreak Irene Monteroren aldeko apustua egingo luke aurpegi nagusietako bat bezala.

ERC

Astearte honetan bertan, Oriol Junquerasek baieztatu du Gabriel Rufian izango dela errepublikanoen hautagaitzaren buru. Hala ere, izena ofizial egingo dute urriaren 17an.

JUNTS

Miriam Noguerasek astearte honetan baieztatu duenez, Juntseko zerrendaburua izango da berriro,.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X