Zein dira gaur onartutako etxebizitza dekretuen berritasun nagusiak?
Dirudienez, neurri gehienak jasotzen dituen dekretua aurrera aterako da; aldiz, ez dirudi alokairuen luzapen automatikoa jasotzen duena onartuko dutenik, "anbizio handiko eztabaida" planteatzen baitu, Sanchezen arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak etxebizitzari buruzko bi errege dekretuak onartu ditu gaur. Muinean, bi testu horiek ostiralean bertan behera geratu ziren dekretuetako neurriak jasotzen dituzte, "ezinbestekoak diren zenbait puntu daudelako" Pedro Sanchez Espainiako presidentearen hitzetan. Dena den, badira aldatu diren zenbait ertz ere.
Zeintzuk dira berritasun nagusiak?
-10.000 milioi euroko finantzaketa lerroa: interesik gabeko 50.000 eurorainoko maileguak eskainiko zaizkie lehen etxebizitza erosi nahi dutenei. Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuak kudeatuko ditu, eta edonori zuzenduta egongo dira, ez gazteei soilik.
-Etxebizitza alokatzeko zein erosteko laguntzak: errentariei aukera emango zaie errenta aitorpenean alokairuan ordaintzen dutenaren zati bat desgrabatzeko. Adibide gisa, 800 euroko batez besteko alokairua duen pertsona batek ia 1.000 euroko kenkaria izango du errenta aitorpenean. Gainera, pizgarri fiskalak izango dituzte etxea arrazoizko prezioetan alokatzen duten jabe txikiek.
-280 milioi euro abaletan, etxebizitzen eraikuntza industrializatua sustatzeko, epeak laburtzeko eta eskaintza handitzeko. Gainera, 400 milioiko "inpaktu sozialeko" funts bat onartu dute etxebizitza sozialen hornitzaileei laguntzeko.
-Casa 47 enpresa publikoak Gizarte Segurantzaren "milaka" higiezin erosiko ditu, etxebizitza gisa erabiltzeko.
-Ordainketa egunean dutenen alokairu kontratuak bi urtera arte luzatuko dituzte, alokairuaren igoera mugatu egingo da, eta arauak ezarriko dira kontratua noiz amaitzen den eta jabeak etxea noiz berreskura dezakeen jakiteko.