Espainiako Gobernuak etxebizitza dekretuak onartu ditu berriro, eta babestea eskatu du "gizatasunagatik" eta "sen onagatik"
Hori iragarri du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi du ostiralean Kongresuan bertan behera geratu ziren etxebizitza dekretuak onartu dituztela berriro, eta gainerako alderdiei neurriak Diputazio Iraunkorrean babesteko eskatu die, "gizatasunagatik" eta "sen onagatik".
Sanchezek hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratu zituen atzo, eta hori eta gero deitutako Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan esan zuen dekretuek "berritasun batzuk" izango dituztela, eta jasotako neurriak "anbizio handikoak, zentzuzkoak eta beharrezkoak" direla, eta ez direla "kontu ideologikoak, gizatasunarekin lotutakoak baizik", "azterketa eta elkarrizketa askoren emaitza" eta jabeen eta maizterren hainbat elkarterekin adostutakoak.
Sanchezen ustez, dekretuek jabe txikiak eta maizterrak elkartzea eragingo dute, eta funts-putreak jartzen dira jomugan.
Presidenteak adierazi du agerian geratu dela etxebizitzaren merkatua ezin dela eskaintzaren eta eskariaren legeen bidez arautu, eta beharrezkoa dela "botere publikoek sendu esku hartzea".
Horregatik guztiagatik, eta "Maricarmen kasu gehiagorik egon ez dadin", Diputazio Iraunkorrean ordezkaritza duten alderdiei eskatu die oinarrizko lau helburu hauek dituzten neurriak onar ditzatela: alokairu eskuragarria eta lehen etxebizitza erostea erraztea, etxebizitza-eskaintza gehiago sortzea, herritarrei lasaitasuna eta egonkortasuna ematea eta espekulazioari aurre egitea.
Hala, dekretuei "ezetz" bozkatu zieten alderdien aurka egin du berriro, eta "adorea" izan dezatela eskatu die "interes orokorraren alde boteretsuei aurre egiteko" eta herritarrek eskatzen dituzten "irtenbideak" bideratzeko.