EAEko PPk hauteskunde-iruzurraren susmoak hauspotu ditu, posta bidezko botoa jomugan jarrita
Javier de Andres presidenteak bat egin du PPko beste buruzagiek botatako susmoekin, hori justifikatzen duen daturik eta frogarik erakutsi gabe. "Tentelak izango ginateke susmorik ez bagenu", esan du.
Javier de Andres EAEko PPren presidenteak azaroaren 29ko hauteskundeetan iruzurraren susmoak piztu ditu, eskuineko eta eskuin muturreko beste buruzagi batzuek hauteskunde orokorren deialdia jakin ostean egin duten bezala.
Gasteizen emandako prentsaurreko batean, De Andresek posta bidezko botoa izan du jomugan, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak egin zuen bezala, "kasu arraroak egon baitira". EAEko popularren buruak ez du zehaztu zeri buruz ari den, baina "gauza txundigarriak" ikusten ari direla azpimarratu du. "Posta bidezko botoak beti dakar susmo apur bat", gaineratu du.
Esan duenez, EAEko PPk posta bidezko botoa jasotzen jarraituko du, "geure buruarekin gehiago fidatzen garelako". “Nola ez dugu susmorik izango Leire Diaz iturgina Correosen jarri bazuten?", gehitu du De Andresek.
Buruzagi popularrak egiaztatutako datu zein frogarik eman gabe piztu du hauteskunde sistemaren gaineko mesfidantza. "Nik badakit ezin dela zaku bat beste batengatik aldatu, ez da erraza, baina... Bai, susmoa dut saiatuko direla. Tentelak izango ginateke susmorik ez bagenu", esan du.
PPren zerrendak osatzeko kongresuak
Deialdiaren ostean, PPk atzeratu egin ditu lurralde-kongresuak (ez zeuden ofizialki deituta). Bertan izendatuko dituzte hautagaiak.
EAEko hiru lurraldeetan ordezkaritza lortu nahi dute oraingoan. Gaur egun, PPk ez du Gipuzkoako diputaturik.