PSOE deklaratzera deitzeko eskatu dio PPk Pedraz epaileari, ustezko ustelkeria sarearen gastuak "ordaindu" zituela argudiatuta
PPren eskariari erantzunez, Auzitegi Nazionaleko epaileak PSOEri galdegin dio "orain arte kontratatu dituen abokatu guztien zerrenda bidal dezala".
PSOEren Ferrazko egoitzaren fatxada. Argazkia: Europa Press
PP buru duen herri akusazioak Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazi —Leire Diez auzia ikertzen ari da— eskatu dio PSOE deklaratzera dei dezala. Popularrek arrazoitu dute sozialistek ustezko ustelkeria sarearen gastuak ordaindu zituztela, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak eskatuta.
Idatzi baten bitartez egin du eskaria PPk. Bertan, "funtzionario eroskeria" eta "eraginen trafikoa" egotzi dizkio PSOEri. Horrez gain, dirua zuritzea eta alderdiak ilegalki finantzatzea ere leporatu dio.
Akusazioak gogora ekarri duenaren arabera, Leire Diez militante sozialista ohia, Cerdan eta PSOEri eta Espainiako Gobernuari eragiten dioten auzi judizialak oztopatu omen dituzten bi abokatu ari da ikertzen Pedraz epailea.
Hori horrela, idatzian jasotzen du ustezko ustelkeria sareak, Santos Cerdanen gidaritzapean, dirua eskaini ziela zenbait langile publikori, eta epailearen jarduna oztopatu zuela.
Zer da Leire Diez auzia eta zer egozten dio orain Pedraz epaileak PSOEri?
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak 2025eko abenduan abiatu zuen Leire Diez PSOEko militantearen aurkako ikerketa, Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatearekin (SEPI, gaztelaniaz) lotutako hainbat enpresaren bitartez komisioak jaso zituelakoan. Auzi horretan bertan, Vicente Fernandez SEPIren presidente ohia eta Antxon Alonso Servinabar enpresako administratzailea ere ikerketapean daude. Konsultatu, hemen, auzi horri buruzko informazio guztia.
Epaileak informazioa eskatu dio PSOEri
PPren eskariari erantzunez, Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek PSOEri galdegin dio "orain arte kontratatu dituen abokatu guztien zerrenda bidal dezala". Gainera, ustelkeriaren aurkako fiskaltzari eskatu dio eman dezala PPk sozialistak inputatzeko egindako eskariari buruzko informazioa.
Pedrazek, halaber, Venezuelako ministro ohi Nervis Villalobos deklaratzera deitzea agindu du, datorren urriaren 28an, Santos Cerdanek zuzendu omen zuen sarearekin lotuta.