Xose Manuel Beiras galiziar buruzagi nazionalista historikoa hil da 90 urte zituela
PSGren (Partido Socialista Galego) eta Anovaren sortzailea nazionalismo galiziarraren giltzarria izan zen, eta BNGren sorreran ere parte hartu zuen
Xose Manuel Beiras Torrado Galiziako buruzagi nazionalista historikoa 90 urte zituela hil da, A Reborainako bere etxean, Brionen (A Coruña), bere inguruko iturriek baieztatu dutenaren arabera.
Bere jarduera politikoa 1963an hasi zuen, Partido Socialista Galego (PSG) alderdiaren sorreran parte hartu zuen orduan. Exekutibako kide izan zen eta 1964tik 1970era bitartean nazioarteko harremanez arduratu zen. 1971tik 1977ra alderdiko idazkari nagusia izan zen. Gainera, azken urte horretan PSGren Coruñako hautagaitzaren buru izan, baina ez zuen eserlekurik lortu.
1970ean, oposizio bidez, Santiagoko Ekonomia Zientzien Fakultateko Egitura Ekonomikoko Katedra lortu zuen. Jarduneko dekano izan zen 1972ko langile- eta ikasle-mobilizazioetan.
BNGren sorreratik Anovara
1982tik BNG eratzeko prozesuan aktiboki parte hartu zuen, eta Xuntako Presidentetzarako hautagai izan zen 90eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasieran.
2012an BNG utzi eta Anova sortu zuen, Esquerda Unidarekin batera, eta Yolanda Diazekin zuzendu zuen, hauteskunde-koalizio bat sustatzeko.
Amioko batzarrean nazionalismo galiziarra hautsi eta hamabi urtera, Beirasek paper garrantzitsua izan zuen Anovak BNGren hautagaitza babes zezan 2024ko hauteskundeetan. Orduan, hainbat ekitalditan parte hartu zuen, Ana Pontón hautagai nazionalistarekin batera, bi aldeen arteko adiskidetzea jendartean erakusteko.
Erreferente akademikoa eta liburu ugariren egilea
Ibilbide politikoaz gain, Beirasek lan ekonomiko ugari egin zituen, eta azken hamarkadetako galiziar ekonomialari garrantzitsuenetakoa da. Bere lanen artean El problema del desarrollo en la Galicia rural, 1966an New Yorkeko Galiziako Etxeak saritua, eta O atraso económico da Galiza, 1972an argitaratua eta bere lanik ezagunena.
A Galicia rural na encrucillada lanaren egileetako bat ere izan zen, eta, besteak beste, honako lan hauek argitaratu zituen: Por unha Galiza liberada, Retratos en fite, Un socialismo propia: o cooperativismo no Beiras mozo, Prosas de combate e maldicer eta Nuredin o taxista e Amedine o pintor.
Azken urteetan Galiziako esparru kultural eta politikoan ibili zen. Joan den udaberrian PSGren historiari buruzko liburu bat aurkeztu zuen, eta duela gutxi kultur ekitaldietan parte hartu zuen. 2023an emaztea hil zitzaion, Aurichu Pereira margolari ospetsua.
Ana Ponton BNGren bozeramaile nazionalak doluminak eman ditu, eta "galiziar eta galiziarren hainbat belaunalditan aztarna handia" utzi duela azpimarratu du.