Iruñeko istiluak arbuiatu ditu Asironek, eta "probokazioei eta faxismoari" egotzi dizkie
Iruñeko alkatearen iritziz, Vito Quiles ultraeskuineko asaldatzaileak ez zuen bere ekitaldia egiteko tokia ausaz aukeratu: "Iruñea aukeratu zuen oso antifaxista delako".
Joseba Asiron Iruñeko alkatea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB
Joseba Asiron Iruñeko alkateak atzo Iruñean izandako istiluak arbuiatu ditu, nahiz eta "oso argi" duen "probokazioa eta faxismoa" izan zirela istiluak eragin zituena. Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak ekitaldia egin zuen Nafarroako hiriburuan, Yamaguchi parkean, eta "Iruñea aukeratu zuen oso antifaxista delako", Asironen arabera.
Asironek kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, Iruñeko alkate den aldetik ezin du gertaturikoa onartu, are gehiago zaurituak eta hiri altzarietan kalteak izan zirenean. Hiru pertsona atxilotu zituzten gertakariekin lotuta.
Dena den, Asironek badaki zer dagoen istiluen atzean: "Oso garbi dut nondik etorri den probokazioa, probokazio bat egon da, nahita eginda gainera. Hau ez da pertsona bat edo talde bat etorri dela Iruñera bere ideiak azaltzeko; hau faxismoa da". Horrez gain, esan du faxismoak ez dituela ideiak defendatzen, ideiak ukatu baizik.
Bestalde, Asironen ustez, Quilesek ez zuen bere ekitaldia egiteko tokia ausaz aukeratu: "Iruñea aukeratu zuen oso antifaxista delako".
Nolanahi ere, Asiron "horrelako gorroto diskurtsoei aurre egitearen alde" agertu da, atzo Gazteluko plazan Quilesen aurka bildu zirenek egin zuten bezala. "Hori da nire eredua, eta horregatik egon nintzen atzo Gaztelu plazan", esan du.
PSNk gaitzetsi egin ditu istiluak
Iruñeko Udaleko talde sozialistak atzo hirian gertatuko istiluak gaitzetsi ditu, eta "kezka" adierazi du tentsioak, gorroto diskurtsoek eta indarkeriak gora egin dutelako, eta elkarbizitza eta herritarrak kaltetzen ari direlako.
Marina Curiel PSNk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak ohar bidez adierazi duenez, hiriak ez du merezi edukiontziak sutan eta harriak hegan ikustea. Gorrotoaren diskurtsoa eta probokazioak baztertzen dituztela esan ondotik erantsi duenez, inongo probokaziok ez du indarkeria justifikatzen.
Horren aburuz, probokazioen aurrean indarkeriaz erantzuten duena probokatzailearen jokoan erortzen da.
Bestalde, Iruñeko sozialistek babesa adierazi diete atzo egunean zehar lan egin zuten udaltzain, foruzain eta poliziei, baita istiluetan kaltetutako bizilagunei eta merkatariei ere.
"Kale borroka istiluak" gaitzetsi ditu Ibarrolak
Cristina Ibarrola UPNko presidente eta Iruñeko Udaleko bozeramaileak "irmoki" gaitzetsi ditu atzo Quilesen ekitaldiaren harira hirian izandako "kale borroka istiluak". "Ezerk ez du indarkeria justifikatzen", gaineratu du.
X sare sozialean argitaratutako bideo batean, Ibarrolak tamalgarritzat jo ditu Asironen adierazpenak, eta "ezker abertzale erradikalaren indarkeria" gaitzesteko gai ez izatea egotzi dio.
Ibarrolaren iritziz, agerian gelditu da EH Bilduren elkarbizitza eredua nolakoa den. Horren harian salatu duenez, "edukiontziak erre eta harriak jaurti zituzten eta herritarrak etxetik atera ezinik eta merkatariak dendak itxi beharrean egon ziren".
Halaber, PSNk "agintean jarraitzeko" EH Bilduren beharra duela kritikatu du.