HAUTESKUNDE OROKORRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EH Bilduk Oskar Matute, Mikel Otero, Oihana Etxebarrieta eta Eneka Maiz proposatu ditu Kongresurako zerrendaburu izateko

Oskar Matute izango da Bizkaiko zerrendaburua eta Kongresuko bozeramaile berria; Idurre Bideguren, berriz, Senaturako hautagaia izango da eta Goi Ganberako bozeramailea.

Kanpaina EH Bildu Oskar Matute EFE
Oskar Matute, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako hautagaitzak aurkeztu ditu EH Bilduk. Oskar Matute eta Idurre Bideguren izango dira Kongresurako eta Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak; Mikel Otero eta Josu Estarrona, Arabatik; Oihana Etxebarrieta eta Sonia Jacinto, Gipuzkoatik; eta Eneka Maiz eta Floren Aoiz, Nafarroatik.

Alderdiak azken urteetako lan parlamentarioari jarraipena ematearen, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzearen eta esperientzia politiko eta instituzionala duten profilak sartzearen aldeko apustua egin du.

Bizkaian, Oskar Matute izango da Kongresurako zerrendaburua eta bera izango da talde parlamentarioaren bozeramailea. Bestalde, Idurre Bideguren Bermeoko alkate ohi eta egungo senatari autonomikoa izango da Senaturako hautagaitzaren buru eta bera izango da bozeramailetza Goi Ganberan egiteko proposamena.

Kongresurako hautagaitzak

Araban, Mikel Otero izango da Kongresurako zerrendaburua. Ondoren, Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteordea; gero, Jon Ruiz de Pinedo eta Aitziber Salazar daude.

Bizkaian, Oskar Matute izango da hautagaitzaren buru eta EH Bilduren bozeramaile Behe Ganberan, proposamenak aurrera egiten badu. Marije Fullaondo, XV. Legegintzaldiko diputatua izandakoa, bigarren izango da. Andoni Rojo, Garazi Zalbidea, Markel Rio, Izortze Santin, Ina Robles eta Ane Muguruza ere lehen postuetan daude.

Gipuzkoan, Oihana Etxebarrieta izango da zerrendaburua, legebiltzarkidea 2016tik. Gorka Elejabarrieta izango da bigarren, eta Aizpea Otaegi, Errenteria-Oreretako alkatea. Hautagaitzan beste udal-ordezkari batzuk ere izango dira, besteak beste, Xabier Lertxundi eta Iñaki Ostolaza Hernani eta Zumaiako alkateak.

Nafarroan, Eneka Maiz izango da Kongresurako zerrendaburua. Ondoren, Atarrabiako alkate Mikel Oteiza, Ainhoa Bueno eta Tafallako alkate ohi Arturo Goldaracena daude

Senaturako hautagaitzak

Araban, EH Bilduk Josu Estarronaren aldeko apustua egin du berriro, Senatuan lehen aldiz eserleku bat lortu ostean. Ainhize Solaun eta Manu Martinez izango ditu lagun.

Bizkaian, Idurre Bideguren Bermeoko alkate ohi eta egungo senatari autonomikoa izango da zerrendaburua. Martin Arrasatek eta Aitziber Ibaibarriagak osatuko dute zerrenda.

Gipuzkoan, Sonia Jacinto EH Bilduko Antolakuntza idazkaria izango da hautagaitzaren buru, eta Mario Zubiaga eta Olaia Duarte izango dira beste bi postuak.

Azkenik, Nafarroan, Floren Aoiz EH Bilduren Espainiako Harreman Politikoen arduraduna, idazlea eta Iratzar Fundazioko presidentea izango da zerrendaburua.

Madrilen egindako lana aldarrikatu du EH Bilduk

EH Bilduko zuzendaritzak, Donostian bilduta, Mertxe Aizpuruaren, Bel Pozuetaren eta Jon Iñarrituren konpromisoa aitortu du, baita azken urteotan Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioek egindako lana ere.

Mahai Politikoak positibotzat jo du lan hori, eta Euskal Herria datozen erronkei aurre egiteko baldintza hobeagoetan egon dadin lagundu duela uste du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X