Bilboko Udaleko alderdi politikoek, EH Bilduk izan ezik, adierazpena adostu dute atzoko istilu larriak gaitzesteko
Adierazpenak “Gora ETA militarra!” oihuak salatzen du, eta elkartasuna adierazten die “kaltetutako merkatariei eta ibilgailueen jabeei”. EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du "erabat" errefusatzen dituela istiluak, eta uste du "bloke atzerakoiari" bakarrik egiten diola mesede.
Istiluak, Bilbon. Argazkia: EFE.
Bilboko Udaleko alderdi politikoek, EH Bilduk izan ezik, adierazpen bat adostu dute Bozeramaileen Batzordean atzoko “istilu larriak” gaitzesteko.
EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Bilbaok adostutako testuan “talde biolentoek Bilboko kaleak indarkeriaz” bete zituztela salatu dute, eta “gure gizartean sortzen diren arazo guztiak konpontzeko elkarrizketaren eta hitzaren indarra erabiltzea” defendatu dute.
Horrez gain, istiluetako “Gora ETA militarra!” oihua gaitzetsi dute, “gure herriko terrorearen garaietara garamatzate eta”.
Azkenik, elkartasuna adierazi diete “kaltetutako merkatariei eta ibilgailuen jabeei”, eta “indarkeriaren zentzugabekeria pairatu zuen Bilboko gizarte osoari”
EH Bilduk "guztiz errefusatzen" ditu istiluak
EH Bilduk ez du adierazpena sinatu, baina adierazi du "guztiz" errefusatzen dituela istiluak, eta ohartarazi du indarkeriak "bloke atzerakoiari" bakarrik egiten diola mesede. Gainera, "faxismoari eta eskuin-muturrari bide baketsu eta demokratikoetatik soilik" erantzun behar zaiola azpimarratu du.
"EH Bilduk ez du bat egiten ekintza horiekin, bizikidetzari kalte egiten diotelako eta bizilagunei, merkatariei eta herritar orori eragiten dietelako", gehitu du.
Hori horrela, elkartasuna adierazi die "kaltetutako pertsona guztiei": "Antifaxistak gara, eta horregatik uste dugu, hain zuzen ere, faxismoari eta eskuin-muturrari bide baketsu eta demokratikoetatik erantzun behar zaiola".