U12: COVID-19ak baldintzatutako hauteskunde-kanpaina, abian gaur gauean
Euskal alderdiek arratsalde-gauean ekingo diote uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpainari. COVID-19ak baldintzatuko ditu ondorengo 15 egunak; izan ere, alderdiek inoiz ez bezalako kanpaina egin beharko dute, segurtasun-neurri guztiak kontuan izanik. EAJ Gernikan abiatuko da; EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Ciudadanos koalizioak, Gasteizen; PSE-EE, Bilbon,;eta Equo Berdeak, Gasteizen.
Beraz, gaur hasiko da kanpaina, ofizialki. Hasiera batean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5ean ziren egitekoak; COVID-19aren pandemiagatik, baina, hauteskunde-deialdi hori bertan behera utzi behar izan zuten, Euskal Autonomia Erkidegoko historian lehen aldiz. Azkenean, EAEko herritarrek uztailaren 12an dute hitzordua, Legebiltzarreko 75 ordezkariak hautatzeko.
Hain zuzen ere, 1.788.602 herritar daude hautesle-erroldan, eta XII. Legegintzaldiko legebiltzarkideak hautatuko dituzte. Alderdiek, gehienez, 1,6 milioi euro gastatu ahalko dituzte kanpainan.
Koronabirusak eragindako krisiaren irteera jomugan, euskal alderdiek ezohiko testuinguruan egingo dute hauteskunde-kanpaina hau. Pandemiak behera egin du, baina alderdiek gaixotasunaren bizikide izan beharko dute, nahitaez. Ekitaldien edukia eta garapena baldintzatuko ditu gaitzak: mitinetan jende-kopurua murriztu beharko dute, eta, hainbat aldiz, telematikoak izango dira. Segurtasun-neurriak izango dira, parte-hartzaileek maskarak erabili beharko dituzte, eta segurtasun-tarteari eutsi beharko zaio.

EAEko herritarrak, hasiera batean, apirilaren 5erako deitu zituzten. Argazkia: EFE.
Hasiera-ekitaldiak
Oraingoan, EAJk ez du Gasteizen hasiko kanpaina, ohikoa denez, baizik eta Gernikako Batzar Etxean; izan ere, hori da, EAJren iritziz, "euskal autogobernuko jatorrizko egoitza".
'Euskadi Zutik. Aterako gara!' goiburupean, jeltzaleek 21:00etan emango diote hasiera kanpaina abiatzeko ekitaldiari. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak izango dira bertan (Iñigo Urkullu lehendakari eta lehendakarigaia, Leixuri Arrizabalaga, eta Bakartxo Tejeria, hurrenez hurren), eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea ere arituko da.
EH Bilduk Gasteizko Plaza Berrian hasiko du hauteskunde-kanpaina, lehen mitin ofizialarekin, 20:00etan. 'Erantzun berrien garaia da. Egiteko Prest' du goiburu EH Bilduk.
Ekitaldian, Maddalen Iriarte lehendakarigaiak, Mikel Otero Arabako zerrendaburuak eta Arnaldo Otegi koordinatzaileak hartuko dute parte.
Elkarrekin Podemos-IUk ere, Gasteizen hasiko du kanpaina, 18:30ean, Europa Jauregian egitekoa den ekitaldi batekin. Miren Gorrotxategi lehendakarigaia eta gainerako hautagaiak ere izango dira bertan.
Ezkerreko koalizioak ondorengo goiburua aukeratu du, hauteskunde-kanpainarako: 'Gobernatzeko prest'.
PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioaren goiburua 'Etorkizunerako plana' da. Koalizioak Gasteizen egingo du kanpainaren lehen ekitaldia, 19:00etan, Ciudad de Vitoria hotelean. Carlos Iturgaiz lehendakarigaiak eta PPko eta Ciudadanoseko beste hautagai batzuek parte hartuko dute.
Eguerdian, Pablo Casado PPko presidentea, Iturgaizekin batera, Errenterian egongo da; Manuel Zamarreño ETAk eraildako PPko zinegotziari omenaldia egingo diote bertan.
PSE-EEk Bilbon abiatuko du kanpaina, 19:30ean, Areatzan. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak herritarren babesa eskatuko du, 'Erantzunak' goiburupean.
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak Mendia babestuko du. Pedro Sanchez Espainiako presidente eta PSOEko liderra ere izango da, kanpainan zehar, EAEn; igandean, esaterako, Donostian egongo da.
Equo Berdeakek Gasteizen hasiko du hauteskunde-kanpaina, bere lehen ekitaldiarekin. San Martin parkeko anfiteatroan egingo dute, 19:30ean. 'Bozka Aldatu, Euskadi Hobetu' goiburua hautatu dute, eta Jose Ramon Becerra da Equo Berdeakeko lehendakarigaia.
Posta bidezko botoa, protagonista
Koronabirusaren pandemia tarteko, milaka hauteslek nahiago izan dute botoa posta bidez eman. Hain zuzen ere, asteartean argitaratutako datuen arabera, uztailaren 12rako postaz bozkatzeko eskaerak aurrekoetan baino ia 5 aldiz gehiago dira, 2016ko hauteskundeekin alderatuta, eskaera egiteko epea hasi zenetik hilabete bete denean.
Maiatzaren 19an hauteskundeak deitu eta posta bidezko botoa eskatzeko epea ireki zenetik, 84.581 hauteslek eskatu dute botoa, eta 17.778 hauteslek eskatu zuten duela lau urte.
COVID-19aren pandemiak sortutako salbuespenezko osasun-egoeragatik, aldaketak daude posta bidezko botoan, hori emateko hiru epeetan; eskaera egiteko epean, agiriak jasotzeko epean eta botoa emateko epean, hain zuzen.
Posta bidezko botoa eskatzeko epea uztailaren 2ra arte egongo da zabalik. Hautesle Erroldaren Bulegoa astelehenean hasi da bidaltzen eskatzaileei posta bidezko botoa egin ahal izateko behar den dokumentazioa. Uztailaren 5era arte jarraituko du hori egiten.
Nola bozkatuko dugu uztailaren 12an?
Uztailaren 12an, hauteskunde-egunean, pandemiak eragin nabarmena izango du bozketa-zentroetan. EAEn, 761 hautesleku izango dira, aurreko hauteskundeetan baino 41 gehiago, eta 100 beste kokapen batzuetan egongo dira. Hauteskunde-mahaietako kideek maskara kirurgikoa eraman beharko dute hauteskunde-egun osoan, eta ez dute eskuekin ukitu beharrik izango ez nortasun agiria, ez bozketarako gutun-azala.
Gainera, botoen zenbaketan FFP2 maskarak eta nitrilozko eskularruak izango dituzte.
EiTB Focus: EAJk 32 eserleku lortuko lituzke
Hogeita bigarren EiTB Focusen arabera (asteazken honetan argitaratu dituzte EiTB Taldeko hauteskunde-inkestaren emaitzak), EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, 32 eserleku lortuta, emaitza historikoarekin irabazi ere (1984tik lortutako onena), EH Bilduren eta PSE-EEren aurretik, nahiz eta horiek ere ordezkari kopuruan gora egin.

EiTB Focusen arabera, honela banatuko lirateke Legebiltzarreko eserlekuak.
EAJk 2016an baino lau eserleku gehiago eskuratuko lituzke, guztira 32, eta 1984an lortu zuen emaitza onena berdinduko luke. EH Bilduk bigarren postuari eutsiko lioke, Gipuzkoan beste ordezkari bat erdietsita. PSE-EE Eusko Legebiltzarreko hirugarren indarra izatera pasatuko litzateke, 11 legebiltzarkiderekin.
Elkarrekin Podemos–IUk ez luke beherakada gelditzea lortuko, eta hiru eserleku galduko lituzke. PPk, berriz, Espainiako eskuindarren historiako emaitza kaskarrena lortuko luke Ciudadanosekin koalizioan. Voxek eta Equo Berdeakek ez lukete ordezkaririk lortuko.
Aurreikuspenen arabera, parte-hartzea % 61ekoa izango da.
Zure interesekoa izan daiteke
Atutxa pozik euskal gizarteak "berriro EAJ aukeratu" duelako, EH Bilduren "gorakada ukatu gabe"
Buruzagi jeltzaleak ez du ia zalantzarik egin. Gasteizko Gobernuan azken legealdiotako formula errepikatzeko aukera ziurtzat jo du, horretarako PSE-EEk mahai gainean jarriko dituen baldintzak ere zorroztu egingo direla jakitun.
39 emakumek eta 36 gizonezkok osatuko dute Eusko Legebiltzar berria
Mapa politiko berria marraztu dute igandeko hauteskundeek, eta hori argi ikusiko da Gasteizko Ganberaren eserlekuen koloreetan: EAJk eta EH Bilduk 27na ordezkari izango dituzte, PSE-EEk 12, PPk 7, eta Sumarrek eta Voxek, bana.
1.795.212 herritar daude botoa ematera deituta, Eusko Legebiltzarra berritzeko
09:00etan ireki dituzte hauteslekuak, normaltasunez, eta herritarrek 20:00ak arte eman ahal izango dute botoa. Emaitzak 22:30erako aurreikusita daude.
Gaur amaituko da bizitasuna hartzen joan den hauteskunde-kanpaina
Euskadiko zazpi indar politiko nagusietatik bostek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar) Bilbon itxiko dute kanpaina, eta beste biek (PP eta Vox) Gasteizen.
Igandeko hauteskundeetan parte-hartzeari buruzko datu errealak eskainiko dituzte, lehen aldiz
Orain arte, estimazioak eskaini izan dituzte. Bestalde, lehen zenbaketen emaitzak 21:00ak aldera emango dira eta, ordu t'erdi ondoren, atzerriko bozen faltan, ezagutuko da Eusko Legebiltzarraren argazki berria.
Posta bidezko botoak ia % 11 hazi dira Euskadin, 2016ko hauteskundeekin alderatuta
2020ko datuekin alderatuta, posta bidezko botoak % 54 jaitsi dira. Dena dela, hauteskunde horiek pandemia garaian egin zituzten, ezohiko baldintzetan, eta horrenbestez, baliteke batzuk eta besteak alderatzeak emaitza bitxiak ematea.
Kultura, Osakidetza, langileen soldatak eta autonomoak izan dira laugarren eguneko gai nagusiak
Kanpainaren laugarren egun honetan, hautagaiaek Hezkuntza eta Osasun sistema, autonomen egoera edota langileen soldatak izan dituzte hizpide, besteak beste.
Hauteskunde mahaian egotea egokitu zait, baina ezin dut: zein aukera ematen ditu legeak?
Nahitaezkoa da hauteskunde mahaian egotea, hala egokituz gero. Nolanahi ere, badira legeak aurreikusten dituen hainbat arrazoi, libratzeko. Mahaikide izatea egokitu eta ez joateak, ondorioak ditu.
Egutegia: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako bidea
Datorren asteartean, otsailaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Eusko Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretua. Hauteskunde Batzordea martxoaren 1ean eratuko da. Hauteskunde-kanpaina apirilaren 5ean hasi eta 19an amaituko da.
Santano alkatearen "eredu zaharkitu eta agortuaren alternatiba bakarra" dela aldarrikatu du EAJk Irunen
Xabier Iridoy Irungo alkategai jeltzaleak esan du bere alderdia "ilusioz eta konpromisoz" beterik dagoela, garai berri baten lidergoa hartzeko.