Debateak ez du argitu hauteskundeen osteko itunak zeintzuk izango diren
Espainiako Gobernurako bost presidentegai nagusien arteko hauteskunde-eztabaidak ez du argitu azaroaren 10eko hauteskundeen ondotik nork norekin egingo duen ituna, eta, beraz, gaur-gaurkoz, blokeoak jarraituko duela ematen du.
Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Casado (PP), Pablo Iglesias (Unidas Podemos), Albert Rivera (Ciudadanos) eta Santiago Abascal (Vox) hautagaiek Espainiaren batasuna, ekonomia, gizarte gaiak, demokrazia eta nazioarteko politika izan dituzte hizpide, ia hiru ordu iraun duen debatean.
RTVEn eman duten eztabaida blokeoari buruz gogoeta eginez abiatu dute. Espainiako Estatuan lau urtean lau hauteskunde deialdi izan dira. Azken hauteskundeak duela sei hilabete izan ziren, apirilaren 28an. PSOE gailendu zen orduan, baina gehiengo absolututik urrun geratu zen, eta Pedro Sanchez ez zen Gobernua osatzeko babes nahikoa lortzeko gai izan.
Herritarrei azaroaren 10eko hauteskundeetan parte-hartzeko dei eginda, Sanchezek proposamena egin die gainerako alderdi politikoei blokeo-egoera amaitzeko: "Hauteskundeen ostean Parlamentua Gobernua osatzeko akordio batera heltzen ez bada, zerrenda bozkatuenak agintzea proposatzen dut".
Pablo Iglesiasek azpimarratu duenez, Espainian "bi alderdiko sistema amaitu egin da", eta aurrerantzean itunak egin beharko dira gobernuak osatzeko. Ildo horretan, Unidas Podemos Alderdi Sozialistarekin koalizio-gobernua osatzeko prest dagoela berretsi du, "elkarri ezer leporatu gabe eta herritarrak babesteko asmoz".
Halaber, Alderdi Popularrak, Ciudadanosek eta Voxek gobernatzeko beste boto biltzen badituzte, bat egingo dutela eta elkarrekin aginduko dutela iragarri du.
Pablo Casadok esan du Sanchezek lau aukera izan dituela azken urteotan Gobernua osatzeko, "baina ez da gai izan". "Pedro Sanchez Gobernuan egoterik nahi ez duenak, badaki aukera bakarra PP bozkatzea dela. Hauteskunde hauetan bi aukera baino ez daude: PSOE edo PP", nabarmendu du.
Albert Riverak ere Sanchezi egotzi dio blokeoaren ardura, "Gobernua osatzeko saiakeran porrot egin duelako gaude hemen", baina blokeoa amaitzeko konpromisoa hartu du: "Ni presidentea banaiz, hilabetean jarriko dut herri hau martxan, eta presidentea ez banaiz, oposiziotik desblokeatuko dut Espainia", esan du.
Santiago Abascalek, berriz, hauteskundeak Katalunian "askatasunez egin ahal izatea" eskatuz hasi du eztabaida.
Horrez gain, ados jartzeko gaitasunik ez dutela izan egotzi die gainerako alderdiei, eta "alternatiba patriotikoa" Vox dela adierazi du.
Espainiaren batasuna
Espainiaren batasunari buruzko atalean, Sanchezek esan du Zigor Kodea erreformatuko duela "legez kanpoko erreferendumak behingoz debekatzeko" eta Kataluniako "bizikidetza krisiari" irtenbidea emateko.
Ikus-entzunezkoen lege bat lantzea ere proposatu du, komunikabide publikoetako administrazio kontseilu guztiek parlamentuaren bi herenen babesa izan dezaten, "telebista publikoetan sektarismorik egon ez dadin".
Halaber, ikastetxeetan "balio zibilak, konstituzionalak eta etikoak" oinarri izango dituen irakasgai berri bat martxan jartzea eskatu du.
Casadok, Riverak eta Abascalek gogoratu dute PSOEk berak baliogabetu zuela 2005ean "legez kanpoko erreferendumak" zigortzeko araua eta, ondorioz, "iraintzat" jo dute orain kontrakoa egingo duela agintzea.
Gainera, Kataluniako gatazkaren harira ezer egin ez duela leporatu diote Casadok eta Riverak PSOEko presidentegaiari. "Katalunian bozkatzeko askatasunik ez dago eta zu zara horren erantzulea", esan du Casadok.
"Mugitu zaitez, eta hauteskunde garbiak ez badira, ardura guztia zure gobernuarena izango da", erantsi du Riverak.
Ciudadanoseko hautagaiaren iritzian, azken hamarkadetan PSOEk eta PPk "eskumen gehiegi utzi dituzte Kataluniaren eta Euskadiren esku". "Ez zaitez arerioz nahastu", erantzun dio Casadok, lehia PSOErekin dela iradokiz.
Kataluniako protestetan ustez Poliziari jaurtitako harri bat eskuan hartuta, ondokoa esan dio Riverak Sanchezi: "Kontzesioak egiteko politika aldatu behar duzu, edo ez gara inora joango". "Guk ez dugu inoiz babestuko independentisten babesa duen gobernurik, ezta espainiarren arteko mugak eraikitzen duenik ere", erantsi du.
Krisi ekonomikoa
Ekonomiari dagokionez, hauteskundeak irabaziz gero, Sanchezek iragarri du Ekonomia presidenteorde kargua sortuko duela eta horretan Nadia Calviño jarduneko Ekonomia ministroa jarriko duela.
Ekonomiaren balizko atzeraldia dela eta, kezkatuta dagoela aitortu du, baina Espainiak "hazten segitzeko eta enplegua sortzeko oinarri sendoak" dituela ziurtatu du PSOEren hautagaiak.
Casadok erantzun dio Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere gauza bera esan zuela bere garaian, baina ondoren politika sozialetan "murrizketa handiak" egin zituela.
Abascalen esanetan, azkenean herritarrek "autonomiak edo pentsioak" hautatu beharko dituzte, eta egoera ekonomiko "dramatikoa" autonomiek eragin dutela adierazi du, "dirua xahutzea eragin duelako".
Gizarte politikak jorratzeko tartean, debatea nahasi egin da eta politika gaietara bueltatu dira hautagaiak. Horrela, bada, Casadok salatu du Sanchezi ez zaizkiola gustatzen PP eta Voxen arteko itunak, "baina berak ez dio Otegirekin eta Torrarekin akordioak egiteari uko egin nahi".
Ildo horretan, Casadok erantsi du hobe dela Abascalen alderdiarekin itunak egitea, Arnaldo Otegi, Quim Torra edo Oriol Junquerasekin egitea baino.
Voxen neurriekin bat egingo duten eta, besteak beste, EAJ legez kanpo utzi nahi duten argitzeko eskatu die Sanchezek PPri eta Ciudadanosi. "Isilik geratzen zarete ultraeskuindarren proposamenen aurrean", kritikatu du.
Francisco Franco Fundazioa desegin nahi
Bestalde, Sanchezek iragarri du, hauteskundeak irabaziz gero, legea aldatuko duela Francisco Franco Fundazioa desegiteko eta faxismoari gorazarre egitea delitua izan dadin, Alemanian edo Frantzian bezala.
"Gorrotoa zabaldu eta diktadura babesten duten erakunde guztiak desegingo ditugu. Espainia demokratikoak barkamenaren ondorio izan behar du, ez ahanzturaren ondorio", azaldu du.
Demokraziari buruzko atalean, Iglesiasek, Casadok eta Riverak hauteskundeen ostean itunak norekin egin nahi dituen argitzeko eskatu diote Sanchezi.
Iglesiasek esan du bi aukera baino ez daudela: PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio-gobernua edo eskuineko alderdien arteko koalizio-gobernua.
Alderdi morearen hautagaiak uste du PPrekin "koalizio handia" egitea dela Sanchezen asmoa. Riveraren iritzian, berriz, Sanchezek Podemosekin eta independentisten babesarekin agindu nahi du.
Casadok Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi independentistekin itunik egingo ote duen argitzeko eskatu dio. "Bai edo ez" erantzuteko eskatu dio, baina ez du erantzunik jaso. Gobernu progresista bat osatu nahi duela berretsi du, baina "gainerako taldeen helburua PSOE blokeatzea" deitoratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Gaupasa eginda ere, bozkatzeko eskubidea erabili dute mutrikuarrek
Mutriku jaietan da. Behin bozkatuta, bi aukera izan dituzte mutrikuarrek: jaiez gozatzen jarraitu edo atzokotik errekuperatu.
Ikusmin handia Katalunian, Kongresuko 48 eserleku dagozkiolako
Inkestek diotenez, sozialistek gora egingo dute, eta ERC, ordea, behera. Kongresuan 48 diputatu izango ditu Kataluniak, ondorioz, garrantzia berebizikoa izango da.
Correoseko langileak buru-belarri ibili dira goiz osoan, posta bidezko milaka bozak banatzen
Bilboko Indautxu Ikastetxean grabatutako irudiak dira, baina EAEko eta Nafarroako hautesleku guztietan izan dira lanean Correoseko furgonetak.
Paseoan, familiarekin edo festetan pasa dute hausnarketa eguna hautagaiek
Alderdiek hauteskunde osteko balizko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi zuten atzo kanpaina.
PSCk irabazi lezake Katalunian; independentismoak, berriz, babesa galduko luke
Azken lau urteetan Pedro Sanchezek Esquerraren sostengua izan du baina, inkestek diotenez, sostengu horrek botoak galaraziko dizkie bihar errepublikanoei.
Dena prest IFEMA datuen zentroan ere biharko hauteskundeen jarraipena egiteko
Biharko 14:30ean eta 18:30ean parte-hartze datuak jakinaraziko dituzte, eta 22:30ak aldera Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak agerraldia egingo du behin-behineko emaitzak iragartzera.
Erosteko, familiarekin solasean nahiz hondartzatik ibiltzeko eguna EAEko hautagaientzat
Azken 15 egunetan EAEko txoko guztietan buru-belarri ibili ostean, erlaxatzeko eguna izan da gaurkoa EAEko zerrendaburuentzat. Sukaldatzeko, hondartzatik paseatzeko eta Madalenetako festetaz gozatzeko, besteak beste, aprobetxatu dute.
Alderdiek hauteskunde osteko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi dute kanpaina
EAJk Bilbon itxi du kanpaina, PSE-EEk Portugaleten, EH Bilduk Donostian eta PPk Gasteizen, eta Sumarreko hautagaiak Madrilen izan dira.
Iturgaizek aldarrikatu du bi aukera baino ez daudela: ''Sanchez eta horren aldekoak edo PP''
PPk Gasteizen itxi du hauteskunde kanpaina, "Sanchismoa" kentzeko deia eginez.
Nafarroako alderdiek boto eske agortuko dute kanpaina, bost eserleku jokoan dituztela
Navarra Suma deseginda, PP atera daitekeela onuradun diote inkestek, baina baita PSN ere. EH Bilduk duen ordezkariari eustea du helburu, eta inkestek Sumarri ematen diotena eskuratzeko ahalegietan dabil.