Euskara
Albiste izango da: Korrikaren hasiera, Ekialde Hurbileko azken ordua eta Europako Kontseiluaren bilera
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.
CCOO Korrikatik kanpo geratu da, AEK-k erabaki baitu sindikatuak ez duela lekukoa eramango, "euskararen aurkako jarrerak sustatzen" dituelakoan
Ohar baten bidez, AEK-k argitu duenez, AEKren Nazio Kontseilua CCOO Euskadiko ordezkariekin bildu zen astelehenean, eta Argia aldizkariak argitaratutako informazioari "sinesgarritasun osoa" emanda, CCOOko kideei jakinarazi zieten "bateraezinak" zirela "euskararen aurkako jardunbide horiek sustatzea eta Korrikan lekukoa eramatea".
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Ane Elordi: “Ez dugu bateragarri ikusten CCOOren jardunbidea eta 'Euskara gara' aterkipean egingo dugun Korrikan parte hartzea”
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Korrikako antolatzaileen ustez, Errenteriako lan deialdi publikoan gertatu dena "mugarria" izan da. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
Espainiak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasunean hizkuntza ofizialak izan daitezen nahi du
Fernando Sampedro EBko Estatu idazkariak esan du presioa egiten jarraituko dutela, nahiz eta gaiak bederatzi hilabete daramatzan Ministerioaren agendatik kanpo.
Korrikaren hasiera zuzenean Atharratzetik
24. Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da 14:30etik aurrera.
Eusko Legebiltzarreko talde gehienek bat egin dute euskararen doako irakaskuntza lortzeko bidean
Talde gehienek, PPk eta Voxek izan ezik, euskararen doako irakaskuntza apurka aurrera egitearen alde egin dute. Halere, EH Bildu, EAJ eta PSE ez datoz bat egutegiari dagokionez, eta sektore pribatuan ikaskuntza nola bultzatu behar den ere ez datoz bat.
Errenteriako Udalak "auzibidea agortuko" du, lan-eskaintzak "aurreikusitako baldintzekin aurrera egin dezan"
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak iragarri du "bitarteko guztiak" jarriko dituztela eta "auzibidea agortuko" dutela, 25 administrari lanpostu hautatzeko deialdiaren aurkako helegiteak "aurkako ebazpena" izan dezan. Salatu du “bizikidetzan eta adostasunean oinarritutako orain arteko bidea zapuzteko nahi antolatua” dagoela C1 euskara mailagatik jarritako helegitearen atzean.
Hiztunen Berdintasunaren Alde: "Gure plataforma ez dago inongo trama, konplot edo konspiraziorekin nahastuta"
Elkarteak defendatu du bere jarduera bakarra Osakidetzako langileen "lan-eskubideak defendatzea" dela, eta ziurtatu du "erkidegoko bigarren hizkuntza" den euskara "beti" errespetatzen dutela.
Euskara Denontzat elkarteak onartu egin du Errenteriako lan-eskaintzaren kontrako helegitea jartzera animatu izana, baina ukatu egin du talde antolaturik dagoela
“Bizpahiru kasutan” laguntza eta defentsa juridikoa eskaini zutela dio Sabin Zubiri Euskara Denontzat elkartearen kideak, eta ikerketarekin “seinalamendu kanpaina” bat bultzatzea leporatu dio Argiari.
Hizkuntza politikari buruzko "konspirazio teoriak" sortu nahi izatea eta lan eskubideak defendatzen dituztenak "seinalatzea" salatu du Euskadiko CCOOk
Sindikatuak zabaldutako ohar baten arabera, zenbaitek "existitzen ez den oldarraldi judizial" gisa aurkeztu nahi izan dituzte lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunen aurka jarritako helegiteak.
Euskara profilen aurkako “estrategia antolatua” eta "praktika sasimafiosoak" arbuiatu ditu Otxandianok
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile Peio Otxandianok dio euskararen hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtso judizialen jarioaren atzean “antolatutako bultzada bat” dagoela. Erabaki judizial horien argitan, EAJri eta PSE-EEri eskatu die Enplegu Publikoaren Legearen erreforma bat negoziatzera eser daitezela, sistema blindatzeko, eta, salatu duenez, bi alderdiek uko egin diote erreforma hori egiteari.
Euskara Denontzat taldeak onartu du jendea bilatzen zutela euskara-eskakizunen aurkako helegiteak aurkez zitzaten
Argia aldizkariak CCOO sindikatua ere lotu du prozedurarekin, helburu zuena epaitegiek atzera botatzea deialdi publikoak, euskarazko eskakizunak gehigizkoak zirela argudiatuz. Euskara Denontzat taldea izango litzateke doako abokatua ordaintzen zuena eta aholkularitza eskaintzen ziona helegitea aurkezteko prest zegoenari.
EITBren "Super Manterola" komedia berria grabatzen ari dira
Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia daude aktoreen artean. Karmelo eta Luixito anaiak dira, biak mutilzaharrak, eta Bakartxo ilobarekin batera, Super Manterola dendaren ardura dute. Azpeitiko Erdi kalean grabatzen ari dira eta, oraindik emisio egunik zehaztu ez bada ere, barre-algarak egin egingo ditugu.
24. Korrikak euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu du Iruñean
Aurtengo leloa, "Euskara Gara" komunitatearen izaera irekia eta askotarikoa azpimarratzeko hautatu dute. Korrikak bildutako baliabide ekonomikoak euskararen normalizazioaren aldeko lana indartzera bideratuko dira.
Errenteriako Udalak 25 plazako lan-eskaintza bat etenarazi du, euskara eskakizunaren aurkako helegite baten ondoren
Udal administrazioko postuetarako eskaintza azaroan zabaldu zen, eta eskakizunen artean, C1 euskara maila zehaztuta zegoen lanpostu guztietan.
Euskara indarberritzeko prozesuan norabide aldaketa bat proposatzen duen ‘Lurralde Estrategia’ aurkeztu du UEMAk
Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian: arnasguneen eta landa-eremu euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartzeko bidean jartzea, eta hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzea.