EAEk 8.500 lanpostu neto galdu ditu 2010eko lehen hiruhilekoan
2010eko urtarrila eta martxoa bitartean, okupatutako langileen tasak % 0,9ko jaitsiera izan du, hau da, 8.500 lanpostu neto galdu dira, Eustatek gaur argitaratutako datuen arabera.
2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, beherakada hori handiagoa izan da: % 1,9koa. Beste era batera esanda, 18.594 lanpostu gutxiago izan dira.
Oro har, sektore guztietan eman da jaitsiera, baina industrian eta eraikuntza nabarmenagoa izan da.
Barne Produktu Gordinari dagokionez, % 0,1eko hazkundea izan du urteko lehen hiruhilekoan eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Alabaina, urte-arteko datuak aintzat hartuta, % 0,6ko jaitsiera izan du.
Lurraldez lurralde, Arabako Barne Produktu Gordinak % 0,4ko hazkundea izan du. Bizkaikoak eta Gipuzkoak, berriz, ez dute hazkunderik izan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Urte-arteko datuak aintzat hartuta, Gipuzkoak bakarrik izan du hazkunde positiboa; Arabak eta Bizkaiak tasa negatiboak erregistratu dituzte, 2009ko azken hiruhilekokoak baino datu hobeak izan arren.
Sektorez sektore, Zerbitzuetan eman da joerarik onena: urte-arteko tasa % 0,7koa da eta hiruhile-artekoa % 0,1ekoa.
Eraikuntza sektoreak izan du jaitsierarik handiena, bai urte-arteko datuak kontuan hartuta (- % 6,5) bai aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta (- % 3,7).
Industrian ere antzekoa izan da joera eta, arestian esan bezala, 8.500 lanpostu neto galdu dira. Urte-arteko BPG % 1,6 jaitsi da eta hiruhile-artekoa % 0,3.
Lehen sektorean beherakada % 19,5ekoa izan da, 2009ko azken hiruhilekoarekin alderatuta; eta % 4,6koa, 2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Kontsumoa
Familien kontsumoari dagokionez, errekuperaziorako zantzuak daude eta bigarren hiruhilekoz jarraian eta bost hiruhilekotan tasa negatiboak izan ostean, kontsumo pribatua % 0,6ko hazkundea izan du, aurreko hiruhilekoarekin konparatuta.
Kontsumo publikoaren kasuan, urte-arteko tasa % 0,5ekoa izan da, baina hiruhile-arteko tasak % 1,8ko jaitsiera izan du, zazpi hiruhilekoz goraka egin eta gero.
2009ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, inbertsioa % 1,4 jaitsi da. Beherakada hori % 4,7koa izan da 2009ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.