Bizkaibuseko langileek zazpigarren greba egunari ekingo diote
Bizkaibuseko langileak txanda bakoitzean hiru orduko lanuzteak egitera deituta daude gaurtik, astelehena, ostegunera bitartean.
Mobilizazio egutegia maiatzerako eta ekainerako osatu dute sindikatuek, zerbitzuaren esleipena lortu duten enpresen "saiakera" salatzeko, lan baldintzak kaskartzeko. Era berean, kritikatu egin dute, beste behin, Bizkaiko Foru Aldundiak "bere burua baztertu" duela gatazkatik, uste baitute konponbidea bilatzeko ahalegina egin beharko lukeela.
Lanuzteak goizeko eta arratsaldeko txandan egingo dituzte, bidaiari gehien dauden orduetan, alegia. Hala, gaurtik hasita, hiru orduko lanuzteak deitu dituzte maiatzaren 23, 24, 25 eta 26ean, 07:00-10:00etara eta 17:30-20:30era, eta gaueko txandako lehen hiru orduetan.
Edonola ere, deialdiak ez du eraginik Busturialdeko, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko zerbitzua egiten dutenengan, akordioa lortu baitzuten aurreko astean.
Gauzak horrela, deialdia mantendu egin dute gainerako enpresetan. Horrenbestez, lanuzteek eragin zuzena izango dute Txorierri, Mungialdean, Enkarterrietan eta PESAk Arratian, Ermuan eta Nerbioi-Ibaizabal ibilbideetan ematen duen zerbitzuan.
Akordiorik lortu ezean, lanuzteak lau ordukoak izango dira maiatzaren azken bi egunetan (30 eta 31an) eta ekainaren lehen 10 egunetan, 07:00etatik 11:00ak arte eta 17:00etatik 21:00ak arte.