Epaiketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bizkaiko Ogasuneko langilearen kontrako auzian aurkeztuko da Aldundia

Herritarren datu pertsonalak saltzen zituen sare bateko kide izatea leporatzen diote funtzionario bizkaitarrari.

Bizkaiko Foru Aldundia akusazio partikular gisa aurkeztuko da herritarren datu pertsonalak saltzea egotzita Bizkaiko Ogasuneko funtzionario baten aurka Bartzelonako Auzitegian egingo duten epaiketan.

Elena Unzueta Bizkaiko Diputazioaren bozeramaileak esan du Aldundiaren interesak defendatzeko asmoz hartu dutela erabaki hori.

Bizkaiko Ogasuneko langileari sekretupeko datuak jakinaraztea, intimitatearen kontrako delituak eta eroskeria egozten dizkiote. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak 61 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Bartzelonako Auzitegia Ogasuneko funtzionarioez eta guardia zibilez osatutako sare bat ikertzen ari da, herritarren nahiz pertsona juridikoen datu pertsonalak saltzen aritzen zirelakoan.

Guztira, 11 pertsona auzipetu dituzte, tartean Bizkaiko Ogasuneko langilea, Bilboko detektibe bat eta Araban lan egiten duen guardia zibil bat daude. Detektibearentzat 35 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute eta guardia zibilarentzat 20.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X