Hitzarmen duina eskatu dute Arabako kirol jardueretako langileek
Arabako kirol jardueretako kolektiboa osatzen duten langileek elkarretaratzea egin dute igande honetan Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, eta "hitzarmen duina" eskatu dute. Ildo horretatik, negoziazioetan aurrera egiteko "patronalak jarritako interes falta" salatu dute.
Besteak beste, sorosleek, kirol monitoreek, atezainek eta zaintzaileek osatzen dute Arabako kirol jardueretako kolektiboa. Bertako igerileku publikoetan eta urtegietan lan egiten duten langileek igande honetan hasi dute greba, eta goizean izandako jarraipen zabala dela eta, Gasteizko Udalak Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak itxi behar izan ditu. Era berean, ezin izan dira erabili beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten kirol instalazioak ere; Lauka, Abetxuko edo Zaramagako frontoiak, esaterako.
‘Kirol jarduerak hitzarmen duinaren alde’ lelopean, Andre Maria Zuriaren Plazan elkartu dira kolektibo horretako langileak. “Lau zenbakidun kategorian sartzen diren langileek (atezainek eta zaintzaileek, besteak beste) orduko 6,22 euro irabazten dituzte, eta lana badute ere, soldata horrekin txiroak gara”, esan dute beharginek.
“Udako denboraldian lan egiten dugunok enpresaren esku gaude asteko egun guztietan, eta, eguraldiaren arabera, lanera gatoz edo etxean geratzen gara, dirurik irabazi gabe”, gaineratu dute langileek.
Kolektibo horretako beharginen esanetan, Gasteizko Udalak du gaur egun bizi duten egoeraren “erruaren zati handiena”. “Udalak aukeratzen dituen enpresek ez dute langileen baldintzak hobetzeko aukerarik, eta kasu askotan ez da sinatutako hitzarmena betetzen”, azaldu dute.
Gamarra eta Mendizorrotzako igerilekuak, itxita
Gasteizko Udalak Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak itxi ditu igande honetan, Arabako kirol jardueretako langileek deitutako greba dela eta. Bertako igerileku publikoetan eta urtegietan lan egiten duten sorosle eta monitoreek 08:00etan hasi dituzte lanuzteak, eta uztailaren 31ra arte egingo dute greba. Udalaren esanetan, “jarraipen zabala” izaten ari da, eta, hori dela eta, igerileku publiko gehienak ixtea erabaki dute.
Gasteizko Udaletik jakitera eman dutenez, Gamarrako ‘kirolklub’ zerbitzua bakarrik ireki dute; izan ere, bertako langileak ez dituzte grebara deitu. Bertan, jarduera desberdinak eskaintzen dituzte.
LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ostiralean iragarri zuten Arabako kirol jardueren sektoreko 450 langile lan-hitzarmen berria adostu ezinik daudela eta grebara jotzea erabaki dutela, uztailaren 23an hasi eta uztailaren 31ra arte. Zehazki, kirol monitoreen soldata % 1 eta sorosleena % 7 handitzea proposatu zien langileei patronalak.

Gamarra eta Mendizorrotzako igerileku publikoak Gasteizko igerileku handienak dira. Grebaren jarraipen handia dela eta, beste zerbitzu batzuk ere itxi behar izan dituzte igande honetan: Aldabe, Lakua, Judizmendi eta San Andres kiroldegietako igerileku estaliak itxi behar izan dituzte. Gainera, egun hauetan irekita dauden igerileku bakarrak dira horiek, besteetan urtero egiten dituzten mantendu lanak egiten ari baitira.
Era berean, egun osoan ezingo dira erabili Lakua, Abetxuko, Astronomoak, Zaramaga eta Adurzako frontoiak, ezta Ariznabarra eta Hegoalde kiroldegietako eskalada-murruak ere.
Gasteizko Udalak azaldu duenez, arratsaldeko lan-txandarekin grebak jarraipen handia duela aztertu ondoren, igerileku publikoak eta gainerako kirol zerbitzu horiek guztiak itxita jarraitzea erabaki dute.
Instalazio publiko horietan, 300 sorosle eta monitore inguru daude lanean, eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituen kiroldegiek eskaintzen dituzten zerbitzuez eta bertan antolatzen dituzten kirol jarduerez arduratzen dira.
Bittor Gonzalez LAB sindikatuko bozeramailea pozik agertu da grebaren lehen egunean izandako jarraipenarekin. Goizean datu zehatzik ematerik izan ez duen arren, jarraipenaren zenbatekoa aztertzen ari direla esan du.
Sindikatuek ondorengo "oinarrizko" aldarrikapenak egin dituzte: soldata duinak "kategoria prekarizatuenentzat", asteko egun guztietan errefortzu moduan dauden udako sorosleentzako ordaina eta soldata izoztua izan dituzten langileek galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzea. Sindikatuen esanetan, sektorean "egoera kezkagarriak" bizi dituzte, eta orduko 6,22 euro irabazten dituztela salatu dute.

Gamarrako igerilekua. Artxiboko argazkia: EiTB
Zure interesekoa izan daiteke
EAEko arrantzaleek antxoa-kuota ia osoa agortu dute eta hegaluzearen kosteraren buru dira
Esleitutako antxoa-kuotaren %98,4 harrapatu du dagoeneko, eta Estatuan arrantzatutako hegaluzearen hamar kilotik sei euskal ontziek lehorreratu dituzte.
Azkoyen enpresa erosteko 244,5 milioi euroko eskaintza egin du Ohmnia taldeak
Eskaintzaren sustatzaileen ustez, operazioa ezagutza partekatzeko eta industria-irtenbide aurreratuagoak eta balio erantsi handiagokoak garatzen laguntzeko aukera bat da.
ELAk mobilizazioak iragarri ditu udazkenerako, Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak negoziatzeko
Sindikatuak 17 urte baino gehiago dituen Lan Baldintzak Arautzeko Akordio zaharkitua berritzeko exijitu du, eta diskriminaziorik gabe negoziazioak hasteko deia egin du.
Guardiak turismo tasari buruzko lehen ordenantza onartu du Euskadin
Arabako udalerriak foru arauak aurreikusitako tarteen erdi-goiko mailan kokatutako zenbatekoa aplikatuko du.
Euskadiko langabezia tasa % 6,9ra igo da bigarren hiruhilekoan, eta 74.500 langabe daude
Landunak 3.000 gutxiago dira, eta langabeak, berriz, 13.200 gehiago, aurreko urteko hiruhileko bereko datuekin alderatuta.
Tubacexek % 95 txikitu ditu etekinak lehen seihilekoan, 900.000 euroraino
Hodiak egiten dituen Arabako enpresaren salmentak % 10,5 jaitsi dira aurtengo lehen seihilekoan iazko epe bereko datuekin alderatuta, 361,6 milioitik 323,6 milioira.
Europako Banku Zentralak euro-billete berrietarako aurrez hautatutako diseinuak aurkeztu ditu
Diseinu berriari buruzko behin betiko erabakia urte amaieran hartzea aurreikusten du Gobernu Kontseiluak. Orduan hasiko dira billeteen garapena eta ekoizpena, baina urte batzuk igaro beharko dira herritarren artean zabaldu arte.
Repsolek 2.201 milioi euroko irabaziak izan ditu urteko lehen seihilekoan
Energia-konpainiak irabazi gehiago izan ditu, neurri batean, bere biltegietan zituen petrolio eta produktu finduen balioa handitu delako. Petrolioaren prezioa igo denez, konpainiak aurretik erositako edo gordetako produktu horiek gehiago balio dute orain. Horrek 823 milioi euroko eragin positiboa izan du emaitzetan.
Mercedes-Benzek tenperatura altuekiko duen jarrerak langileen osasuna arriskuan jartzen duela salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek
Sindikatuek tenperatura altuetarako protokolo bat eskatu dute. Kritikatu dutenez, enpresak "ez du nahikoa neurri hartzen" beroagatiko alerta-egunetan "pertsonentzako ingurumen-baldintza egokiak ziurtatzeko".
EBZk interes-tasak % 2,25ean mantenduko ditu, inflazioak ekainean behera egin ostean
Finantzaketa-eragiketa nagusien tasak (% 2,4) eta kreditu-erraztasun marjinala (% 2,65) ere aldatu gabe utzi ditu.