Donostiak ez du pisu turistiko gehiagorik baimenduko Parte Zaharrean
Donostiako Udal Gobernuak pisu turistikoen gaineko araudia onartu du gaur, behin-behinean. Horrenbestez, Etxebizitza turistikoen erabilera urbanistikoa eta ohiko etxebizitzako gelak erabilera turistikorako alokatzea arautzen duen ordenantzaren arabera, Parte Zaharra eta Portua "zona aseak" dira eta, horrenbestez, ezin izango dituzte lizentzia gehiago hartu, egun daudenak edo bideratzen ari direnez gain.
Eneko Goia Hiriko alkateak eta Enrique Ramos Hirigintza Sostengarriko zinegotziak aurkeztu dute arau berria. Udalbatzak berretsi egin behar du indarrean sartu aurretik, eta hori datorren urtarrilean gertatzea aurreikusten dute.
Ordenantza berriak araubide desberdineko 3 zonatan zatitzen du hiria:
A gunea: Parte Zaharra eta portua sartzen dira bertan, eta, araudiaren arabera, pisu turistiko gehiago jartzeko lekurik ez dago bertan, "aseta" baitago. Horrenbestez, erabat debekatuta dago etxebizitza turistikoak ezartzea edo gelak erabilera turistikorako alokatzea.
Dena den, gune asea izendatzeak ez du eraginik izango dagoeneko baimena duten higiezinen edo jakinarazpena erregistratu eta aldeko hirigintza txostena duten horien gain.
B gunea: Gros, Amara –Pio XII.a kalera arte—, Frantzia pasealekua, Egiako zati bat eta Antiguako zati bat.
Leku hauetan bizitegi eraikin bat zati batean okupatzea baimentzen da, honako irizpide hauek beteta:
a) Arau orokorrek arautzen dutena baimenduko da behe solairuko etxebizitzetan.
b) Lehen solairuan, gainerako etxebizitzekin batera sarbide komuna duten etxebizitza turistikoak baimenduko dira, baldin eta haien azalera erabilgarria, eraikinaren gainerako erabilera tertziarioei batuta, 250 metro koadro erabilgarrikoa edo txikiagoa baldin bada eraikin guztian.
c) Goiko solairuetan, gainerako etxebizitzekin batera sarbide komuna duen etxebizitza turistiko bat baimen daiteke, baldin eta haren azpian dauden etxebizitzek ez badute bizitegi erabilerarik edo ez badute erabilera hori iragarrita; hori horrela, azpiko solairu horiek guztiek bestelako erabilera baimenduak izan behar dituzte, eta haren azalera erabilgarriak, bizitegikoak ez diren gainerako erabilerak dituztenei batuta, 250 metro koadrokoa edo txikiagoa izan behar du eraikin guztian.
Gainerako etxebizitzekin sarbide komuna duen etxebizitza bakar bat erabiltzea baimentzen da gutxienez zazpi solairu (beheko solairua gehi beste sei) duten eraikinen goiko solairuetan, eta beste etxebizitza turistiko bat sei solairuen multzo gehigarri bakoitzeko (solairu gehigarri horietako edozeinetan jar daiteke). Baimen hori emango da, baldin eta aurrez adierazi diren egoeretan ez baldin bada gainditzen, eraikin osoan, erabilgarriak diren 250 metro koadroko langa bizitegikoak ez diren erabileretan.
C gunea: Hiriko gainerako guneak
- B guneko pisuen araubide bera izango dute (behe solairuan eta lehen solairuan baimentzen da, edo lehena baino goragokoren batean, baldin eta azpikoetan ez badago bizitegi erabilerarik aurreikusita).
- Bi etxebizitza turistiko baimen daitezke gutxienez zazpi solairu dituzten eraikinen goiko solairuetan, eta bi etxebizitza gehiago sei solairuko multzo gehigarri bakoitzeko, solairu gehigarri horietako edozeinetan.
Adierazi diren egoera horiek baimentzeko baldintza izango da, beti, bizitegikoaz besteko erabileren azalera erabilgarria ez izatea 350 metro koadrotik gorakoa eraikin osoan (etxebizitza turistikoaren azalera sartuko da hor) eta erabilgarriak diren 250 metro koadroen muga ez gainditzea, etxebizitza turistikoak kanpo, beti ere eraikineko ataritik sarrera komuna baldin badauka.
Aurretiazko jakinarazpena
Eneko Goiak adierazi duenez, etxebizitza bati erabilera turistikoa eman nahi diotenek aldez aurretik jakinarazi behar dute etxebizitza horren erabilera eta jarduera sailkatua. Horrez gain, ohiko etxebizitza bateko gelak alokatzeko asmoa izanez gero, jarduera horren sustatzaileak etxebizitza horretan bizi behar du eta etxebizitza horretan izan behar du erroldatuta.
Alkatearen esanetan, etxebizitza batek erabilera turistikorako Eusko Jaurlaritzaren zerrendan erregistratuta egoten jarrai dezan, udal araudia bete beharko du, eta horrek "arazketa" eragingo du. Izan ere, une honetan, Donostiako 1.200 etxebizitza daude Eusko Jaurlaritzaren zerrenda horretan, eta araudi berria aintzat hartuta horietako "% 27k" besterik ez lukete bertan iraungo.
Ikuskaritza lantaldea
Era berean, araudi berria zuzen betetzen ari dela gainbegiratuko duen lantaldea martxan jartzeari oniritzia eman dio Udalak. Lantalde hori 10 pertsonaz egongo da osatuta (bost udaltzain eta hirigintzako bost teknikari). Hartara, iruzurrik hautematen baldin bada, etenarazi egingo da jarduera, eta araudia urratzen dela ondorioztatzen bada, jarduera itxi daiteke, dagokion espedientea izapidetu ondoren, eta 5.000 eurotik 50.000 euro bitarteko isunak ezarriko ahal izango dira.
"1.500 etxebizitza legez kanpo"
Amaia Almirall eta Josu Ruiz EH Bilduko bozeramaileek "premiazko" balorazio bat egin dute araudi berriaren gainean, nahiz eta hari buruzko "orrialde bat bera ere" ez duten jaso oraindik.
"Informazio kontrajarriak besterik ez ditugu", adierazi du Almirallek. Azterketa sakonagoa egin aurretiaz, une honetan indarrean dagoen araudiaren arabera dagoeneko "legez kanpoko 1.500 etxebizitza daude hirian, itxi egin behar direnak".
Ohartarazi dutenez, ordenantza berriaren izapidetzea "ezin daiteke erabili" legez kanpoko etxebizitzak legeztatzeko "amnistia ezkutu" gisa.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.