Bilbobuseko enpresa batzordea astelehenean bilduko da enpresako zuzendaritzarekin
Bilbobuseko langileen lanuzte partzialek "erabateko" erantzuna izan dute gaur goizean, sindikatuen arabera. Bestalde, astelehenean enpresa batzordea enpresako zuzendaritzarekin bilduko da lan-hitzarmenaren negoziazioa berrabiatzeko, sindikatuek jakitera eman dutenez.
Langileek berriro egin dute manifestazioa Elorrietatik Bilboraino.
Bestalde, lanuzteak izango dira arratsaldean berriro, 17:30etik 21:30era.
Langileek hainbat gauza aldarrikatzen dituzte, lan-hitzarmen berria negoziatzea eta zerbitzuaren "murrizketa etengabeak" baztertzea, besteak beste. Izan ere, zuzendaritzarekin sinatutako azken hitzarmenak iaz utzi zion indarrean egoteari.
Akordiorik ezean, lau orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 17an eta 19an: 07:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era. Hilaren 21ean, San Tomas egunean, 24 orduko greba egingo dute.