EAEko funtzionarioek 18 asteko gurasotasun baimena dute dagoeneko
Bikoteko bi kideentzako 18 asteko gurasotasun baimena indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzaren Administrazioko 70.000 langileentzat. Jaurlaritzak ELA, LAB eta CCOO sindikatuekin akordiorik lotu gabe jarri du neurria indarrean, eta sindikatuek gogor kritikatu zuten jokabide hori.
Aldaketa gaur, irailak 1, eta horrela, gurasotasun baimenak 18 astera luzatuko dizkie Jaurlaritzak bikoteen bi kideei, sexua edo arrazoia kontuan hartu barik.
Baimenak % 100 ordainduko dituzte, izaera transferiezina izango dute, eta Administrazioko 70.000 behargini eragingo die.
Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak adierazi du neurria "aitzindaria" dela eta "gaur egungo errealitate sozial eta familiarrak errespetatzen" dituela.
Langile publikoek lana eta familia uztartzeko erraztasun gehiago izatea bilatzen du neurriak. Funtzio Publikoko sailburuordeak azpimarratu du Jaurlaritzak "jauzi kualitatiboa" eman duela "emakumeen eta gizonezkoen berdintasun arloan", eta "seme-alaben zaintzan sexuen artean dagoen desoreka zuzentzen laguntzen" duela.
Zearretak bere egin du Emakunderen mezua, eta azaldu du administrazio publikoek "gizonak etxeko lanen arduran inplikatzeko" lan egin behar dutela.
Horren harira, gogorarazi du "gizonezkoek seme-alaben zaintzan inplikatzea giltzarri" dela "emakumeen ahalduntzean", eta "jaiotze-tasa sustatzen, gizonezkoen ongizate emozionala hobetzen eta genero indarkeria prebenitzen" laguntzen duela.
Neurriaren beste helburuetako bat egungo familia eredu berriak errespetatzea omen da, "gurasoen sexuak edo arrazoiak aintzat hartu gabe: jaiotza, adopzioa, harrera…".
Gehiengo sindikalaren ezezkoa
Eusko Jaurlaritzak neurria indarrean jartzeko moduak polemik piztu du sindikatuen artean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Mahai Orokorra utzi zuen LABek, bere ustez, Eusko Jaurlaritzak "bere propaganda estrategiarekin aurrera jarraitzen" duelako, "gai izar batzuk modu isolatuan ezarriz eta sindikatuekin zilegitasuna bilatuz".
LABek adierazpen batean azaldu zuenez, Lakuako Gobernuak sindikatuen "bedeinkapena" nahi du, "nahiz eta neurria martxan jartzeko erabakia dagoeneko hartuta egon". Esan zuenez, "gaur egun indarrean dagoen amatasun-lizentziaren aste kopuru berdina" izango luke, eta seme-alaben "beharrizanei egokitzeko" 24 astera luzatzea proposatu zuen, eredu berri bat sustatuz.
Eusko Jaurlaritzaren "negoziazio borondate falta" salatu zuen ELA sindikatuak. Funtzionarioen gurasotasun baimena bermatzeko "enplegu prekarietatearekin amaitzea eta berdintasun politiketan benetako pausoak ematea" beharrezkoa dela ohartarazi zion Exekutiboari.
ELAren ustez, "nahiz eta zaintzaren erantzunkidetasunerantz pauso bat izan, beste neurri batzuk hartzen ez baldin badira labur geratzen da". "Gaur baimen eta lizentzia batzuk gozatzeko aukerarik ez dago, langile eta ordezkapen faltagatik. Gainera, hiru langiletik bat aldi baterako dela kontuan hartuta, ezinezkoa da eskubide hori bermatzea", nabarmendu zuen sindikatu abertzaleak.
Euskadiko CCOOk Eusko Jaurlaritzaren proposamena baztertu zuen, "soilik populista" delako.
CCOOk gogorarazi zuenez, neurriaren "berri eman zuen Josu Erkorekak martxoaren 8an, oihartzun handiagoa eta harrera hobea zuenean". Funtzio Publikoak sindikatuei neurria momentu horretan aurkeztea kritikatu zuen, "Mahai Orokorra, beste behin ere, tramite burokratiko hutsa bihurtuz".
Azkenik, Arantza Agote UGTko ordezkariak azaldu zuenez, Jaurlaritzaren proposamena "beste pausotxo bat da berdintasunerantz", baina hobea izan zitekeen. Zentzu horretan, "ezer ez negoziatzeko sindikaturen baten borondate faltagatik" haserre agertu zen.
Gaiaren mamiaren aurka egin zuten sindikatuek Jaurlaritzari "olatua egin" ziotela uste zuen Agotek, proposamena hobetzeko lan egitea ez zutelako nahi izan, eta "aplikatu nahi duzuna" esan zioten Exekutiboari.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.