Bizkaiko metalgintzako langileek Eusko Jaurlaritzara eraman dituzte protestak
Bizkaiko metalgintza sektoreko ehunka langilek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara eraman dituzte euren protestak asteazken honetan, elkarren segidako hirugarren greba-egunean. Beste behin ere, langileak kalera irten dira "lan-hitzarmen duina", soldatak eguneratzea, genero berdintasuna bultzatzea eta prekarietatea amaitzea eskatzeko. Sindikatuen iritziz, greba bereganatzen ari den babesaren datua patronalarentzako mezu bat da; izan ere, esan dutenez, asteazkeneko atxikimendua % 80-85koa izan da.
Grebalariek Bilboko kaleak hartu dituzte goizean goizetik. 07:45ean manifestazioan atera dira EiTBren egoitza ingurutik, San Mames ondotik. Mobilizazio hori dela eta, San Mameseko sarrera-irteerak itxita egon dira 09:30era arte.
Jarraian, langileak Euskadi Plazara joan dira manifestazioan, izan ere, bertan dago FVEM patronalaren egoitza. Gero, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egon dira grebalariak, elkarretaratzea eta eserialdia egiten. Handik, Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira abiatu dira.
Manifestazioan, istilu batzuk izan dira: Bilboko hainbat edukiontzi erre dituzte.
"Patronalarentzako mezu argia"
Greba deitu duten sindikatuek esan dutenez, protesta bereganatzen ari den atxikimendu "masibo eta zabala" patronalarentzako "mezu argia da". "Behingoz, langileen eskakizunetara behintzat pixka bat hurbiltzen den zerbait eraman beharko luke negoziazio-mahaira", adierazi dute. 50.000 langile zeuden deituta grebara, eta sindikatuek diote % 80k-85ek bat egin dutela horrekin.
Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak zehaztu du zer egin nahi izan duten Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzeekin: "Erakundeak interpelatu nahi izan ditugu, gatazkarako konponketaren bila lan egin dezaten".
ELA, CCOO eta LAB sindikatuetako ordezkariek, gainera, berriro gaitzetsi dituzte Urkullu lehendakariaren adierazpenak; UGTko ordezkariak, aldiz, ez du horien gaineko aipamenik egin, eta FVEM patronalaz mintzatu da. Astelehenean emandako hitzaldi batean, Iñigo Urkulluk esan zuen ziurtzat jotzen zuela "FVEMeko enpresek ahal izan duten guztia egin dutela, azken hilabeteotan, akordioak lortzeko"; zehaztu zuenez, udara baino lehen jakina zen "sindikatuak prest zeudela greba egiteko, eta udazken beroa izateko". Hortaz, ez dago, bere iritziz, akordiorako borondaterik.
Etxebarriaren iritziz, Urkulluren hitzak onartezinak dira, bai eta Josu Erkoreka bozeramailearenak ere (Erkorekak esan duenez, lehendakariaren asmo bakarra izan da akordio-borondateko elkarrizketa eskatzea, "zintzoa eta leiala", gatazkarako); izan ere, Etxebarriaren ustez, "patronalaren irakurketa erosten dute, patronalarekin egoten baitira, ez sindikatuekin edo langileekin. Horiekin, gainera, ez dute egon nahi ere".
Euskadiko CCOO sindikatuko Luis Moulearen esanetan, "Bizkaiko langileek indarra dutela erakutsi dute, eta FVEMek ulertu behar du, behingoz, garaia dela hitzarmenean lan-baldintzak eguneratzeko".
Moulearen iritziz, "guztiz larria da Urkulluk atzera egin ez izatea; gezurra esan zuen grebak udaberritik deituta zeudela adierazi zuenean".
CCOO Euskadiko ordezkariak lehendakariari eskatu dio “patronalaren ondoan ez jartzeko, eta ez egiteko inoren alde. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko erakundeek bete beharreko zeregina dute, langileen alde egitekoa”.
LABeko Eulate Zilonizaurrekoetxearen arabera, "sinestezina da metalgintzako langileak lan-baldintza duinen alde egiten ari diren borroka; herri-borroka ari da bilakatzen, metalaz haratago".
Jose Maria Rojo UGTko ordezkariak adierazi du langileen gehiengoak babestu duela greba, "enpresetan zein kaleetan". Gainera, babes hori ez da murriztu grebaren hasieratik.
Barrikada, Markinan
Goizeko lehen orduan, gainera, pneumatikoz egindako barrikada batek BI-633 errepidea itxi du Markinan. Suhiltzaileek itzalitakoan kendu dituzte langileek erretako pneumatikoak galtzadatik, eta 08:15 aldera ireki dute berriro errepidea.

Markinako puntu honetan itxi dute errepidea. Argazkia: @ikersalgadoser1
Hirugarren greba-eguna, jarraian
Bizkaiko metalgintzak elkarren segidan egindako hirugarren greba-eguna du gaurkoa. Aurreko bi egunetako grebaren jarraipena % 85ekoa izan dela diote ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. Patronalak, ostera, atzoko parte-hartzea bezperakoa baino txikiagoa izan zela azpimarratu zuen, % 22koa izan baitzen, haren arabera.
Atzo, asteartea, milaka langilek parte hartu zuten Zornotzan eta Erandion egindako manifestazioetan.
Grebaren bigarren egunean, Durangaldean bereziki, piketeek indarkeria baliatu zutela salatu zuen FVEM patronalak. Dena den, piketeek eragindako kalteak kasu isolatuak dira, sindikatuen ustez.
Ertzaintzak 14 langile identifikatu zituen Berrizen, Zaldibarren, Igorren eta Zamudion, eta beste 20 bat lagun identifikatu zituen gero Abadiñon, piketeek enpresa batean kalteak egin ostean.
Bestalde, metalgintzako greba deitu duten ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Iñigo Urkullu lehendakariak patronalaren alde egindako adierazpenak kritikatu zituzten.
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.