U30eko greba orokorra babestea eskatu du Sortuk, "bizitza duin" baten alde
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak datorren urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorra babesteko deia egin du, gaur, Sortu alderdiak, Bilbon egin duen agerraldian.
Ekintza sinboliko bat egin dute Burtsaren eraikinaren atarian, "kapitalismo basatiak eragiten duen prekarizazioa" salatzeko. Itxitura bat jarri dute eraikinaren atarian, eta, ondoren, "garbitu" egin dute. "Gehiengoaren kontura bizi diren parasitoen izurritea salatzen dugu", esan dute.
Sorturen arabera, "parasito batzuk besteen kontura fortuna handiak pilatzen dituzte, eta bien bitartean, langileak prekarietatera kondenatuta daude". Horregatik, "bizitza duin" baten alde mobilizatzeko deia egin dute, eta horretarako, greba egitera deitu dituzte herritarrak.